Itxi

telebista

20:00etan

Arrazolan izango da, arratsaldean, "Historias a Bocados" saioa

EITB

Bertan, Joseba Arguiñanok Juan Pedro Egidazu, Vanesa Calvo eta Jorge Hernandez ezagutuko ditu.

  • Joseba Arguiñano Arrazolan

    Joseba Arguiñano Arrazolan. EITBren bideo batetik ateratako irudia

"Historias a Bocados" saioak Arrazola bisitatuko du gaur. Horretarako, Joseba Arguiñano herriko zenbait bizilagunekin elkartuko da: Juan Pedrorekin, Vanesarekin eta Jorgerekin.

Juan Pedro Eguidazu duela 71 urte jaio zen Atxondoko Apatamonasterio auzoan eta duela 12 urtetik Arrazolan bizi da. Josebarekin, Arrazolako Bide Berdea deritzonetik paseatuko dira lehenik. Duela mende bat, Bizkaiko ingurune horretatik ateratako minerala garraiatzen zuen trenbide zahar bat zegoen bertan. Ondoren, familiaren baserriko lorategian, Juan Pedroren emazte Teresa Bernasek egindako tripakiak eta muturrak dastatuko dituzte. Amaitzeko, Juan Pedrok egurrezko piezak egiteko erabiltzen duen tailerra eta bere azken lanak erakutsiko dizkio Josebari.

Vanesa Calvok 42 urte ditu, eta duela bi urte baino gutxiago hasi zen Amillena Benta proiektuarekin. Arrazolan dago Amillena, eta taberna izateaz gainera, produktu ekologikoak saltzen dituen denda, jatetxea eta kultur gunea bada. Orain arte, lau emakume aritu dira Amillenan lanean: Maria Jose Romero, Joana Ocaña, Maitane Cabeza eta Lur Moragues. Tabernako barran kafea hartu ondoren, Joseba Vanesarekin egongo da Amillenan egiten dituzten plateretako bat prestatzen, zerbaren orri-mamiak barazki-bexamelez beteak. Azkenik, Vanesak Arguiñanori tokiko filosofia zein den kontatuko dio, kozinatutako platera dastatu bitartean.

Jorge Hernandezek 26 urte ditu, eta Salamancako Unibertsitateko ikertzailea da. Duela denbora bat etorri zen Euskal Herrira, EHUn Astrofisikako doktoretza egiteko. Behin hemen, Anbotorekin eta San Roke ermitarekin zerikusia duen eguzki-fenomeno bitxi baten berri izan zuen. Izan ere, noizean behin, urteko egun batzuetan, azken eguzki izpiek Anbotoko begiak, Bentanetan eta Azkilar, zeharkatzen dituzte, eta Arrazolako ermita horretatik ikus daitezke. Fenomeno bitxia da, eta Jorgek koronabirusaren pandemiak eragindako lehen konfinamendua baino lehenago atera zituen argazkiak, aurtengo martxoan. Ikertzen ari denak, alegia, astronomiaren eta erlijioaren arteko loturarekin zerikusia du, San Roke ermitaren kokapenaren eta orientazioaren zergatiarekin. Ermitara joan aurretik, Jorgek eta Josebak Arrazolako Tope tabernan prestatzen duten menestra ospetsua dastatuko dute.

"Historias a Bocados" Arrazolan izango da, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.