telebista
22:30ean
'La trinchera infinita' filmaren estreinaldi esklusiboa, gaur gauean, "LND" saioan
EITB Media
Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zinemagileek zuzenduta, 21 sari jaso ditu lanak. EITBk bertan parte hartu du.
-
'La Trinchera Infinita' filmaren kartela
Gaur gauean, 'La trinchera infinita' pelikularen estreinaldi esklusiboa eskainiko du "La Noche De..." zinema saioak ETB2n eta eitb.eus-en.
Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, 'Handia' eta 'Loreak' film arrakastatsuen sortzaileak, 'La trinchera infinita' pelikularen zuzendariak dira. Kasu honetan, Gerra Zibilaren eta gerraostean euren etxeetan ezkutatu behar izan ziren aktibisten benetako istorioetan oinarritu dira filma sortzeko. Kartzelan edo fusilatuta amaitzearen beldurrez, ezkutatzea erabaki zuten askok eta askok. Baina hasieran behin behineko irtenbidea izango zena 30 urtez luzatu zen. Antonio de la Torre eta Belen Cuesta dira aktore protagonistak.
Benetako gertakari horietan oinarrituta, Higinio Blancoren istorioa birsortu du 'La trinchera infinita'k. Gerra Zibila hasten denean bere burua mehatxatuta ikusiko du Higiniok eta bere etxeko zoruan egindako zulo batean ezkutatuko da, haren emazte Blancaren laguntzarekin. Beldurrak eta bien arteko maitasunak 30 urte luzatuko den itxialdi batera kondenatuko ditu bi protagonistak.
Pelikulak harrera bikaina izan zuen eta 44 izendapenetik 21 sari jaso zituen. Horien artean, honakoak dira aipagarrienak: Donostia Zinemaldian lortutako lau sariak, zuzendaritza onena eta gidoi onena barne; bi Goya sari, emakumezko aktore onena Belen Cuestarentzat eta soinu onenaren saria; pelikula onenaren Forqué saria; Belen Cuestarentzat emakumezko onenaren Feroz saria, eta Europako Zinemako EFA saria, makillaje eta ile apainketa onenari.
Pelikularen emanaldiaren aurretik, astero bezala, filmaren inguruko xehetasunak izango ditu hizpide Felix Linaresek: Istorioa, zuzendariak, izendapenak eta sariak eta, nola ez, Antonio de la Torre eta Belén Cuesta aktore protagonistak.
Horrez gain, Maureen O’Sullivan antzezlearen bizitza gogoratuko dute Crónica de sucesos atalean; eta, azkenik, Gasteiz eta zinema izango dute mintzagai, datorren astean estreinatuko den 'El silencio de la ciudad blanca' filmaren atariko bezala.
"La Noche De... La trinchera infinita", gaur, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en. Filmaren emanaldiaren ondoren, ETB2k Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako 'Loreak' filma eskainiko du. 2018an Oskar sarietara joateko hautagaitza lortu zuen filmak Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea ditu aktore protagonistak.
Gure zinemarik onena, udaberri honetan
Euskal Telebistak gure zinemarik onenaren eskaintza ezin hobea prestatu du udaberri honetarako. Maiatzean zehar, asteartero, "La Noche De…"k hiru ekoizpen euskaldun arrakastatsu estreinatuko ditu: 'La trinchera infinita' maiatzaren 11n, 'El silencio de la ciudad blanca' 18an, eta 'El hoyo' hilaren 25ean. Hiru filmen artean, 68 izendapen eta 33 sari dituzte. Felix Linaresek "La Noche De…" zinema saioa eskainiko die filmei, bakoitzaren emanaldiaren aurretik.
EITBk hiru filmetan parte hartu du eta komunikazio taldeak zinemarekin duen konpromisoa sendotuz joan da urtez urte. Zinemaren aldeko apustu sendoa egin du EITBk azken hamarkada honetan, eta ikus-entzunezko sektorearen kolaborazioari esker, zine eta telebista ekoizpen egonkorra posible izan da, betiere, kalitatezko proiektu bideragarrietan oinarrituta.
"La Noche De..", erreferente
ETB2ko "La Noche De..." saioa erreferentziazko zinema saioa da Euskadin eta harrera bikaina izaten ari da. Besteak beste, astearteko saioak, maiatzak 5, lidergoa lortu zuen bere ordu tartean % 15,1eko audientzia zatiarekin, eta 226.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan. 25 urteko ibilbide luzearekin, Felix Linaresek aurkeztutako saioak, aurtengo denboraldian, % 11,3ko audientzia zatia eskuratu du bataz beste.