Itxi

telebista

Gaur, 22:30ean

Euskal espetxeen errealitatean murgilduko da 'Historias de la cárcel' erreportajea, "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Atzo, asteazkena, Araba espetxean aurkeztu zuten erreportaje berezia. Eider Hurtadok gidatutako ekitaldian Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Benito Agirre espetxeko zuzendariak parte hartu zuten.

  • Eider Hurtado kazetaria Araba Espetxean

    Eider Hurtado kazetaria Araba Espetxean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Araba espetxeak, Euskadiko handienak, ateak zabaldu dizkio lehen aldiz telebista saio bateko lantaldeari, kartzelako hormen atzeko bizimodua nolakoa den erakusteko. Ikerketa erreportaje berri honetan, Eider Hurtadok gidatzen duen "Aquí y Ahora" saioak euskal espetxeetako presoen errealitatea ezagutuko du gertutik.

Historias de la cárcel izeneko atala gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Telebista emanaldiaren aurretik, erreportajearen aurrestreinaldia eskaini zuten atzo, asteazkena, Araba espetxean, ikus-entzunezkoan parte hartu zuten presoen partaidetzarekin. Eider Hurtadok aurkeztutako ekitaldian, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Benito Agirre espetxeko zuzendaria egon ziren.

Historias de la cárcel erreportajeak preso bakoitzaren atzean dagoen bizitza erakutsiko du. Bigarren aukera bat lortzeko lan egiten duten pertsonak dira, eta hartutako erabaki okerrek, adikzioek, egoera zailek eta zorte txarrak baldintzatu dituzten istorioak kontatuko dizkigute. Nahiz eta kartzelan amaitzeko arrazoiak anitzak izan, bertan egotea estigma bat da pertsona hauen birgizarteratzean.

Eider Hurtadok bere egunerokotasunean lagunduko ditu, euren arazo, ardura eta etorkizuneko ametsak ondo ulertzeko asmoz. Izan ere, kartzelako ateak zeharkatzerakoan, hamaika galdera sortzen dira. Zer espero dute askatasuna errekuperatzen dutenerako? Gizartea prest dago pertsona hauek berriz ere normaltasunez hartzeko?

Egunerokotasuna gogorra da espetxean. Urteetan zehar luzatu daitekeen errutina berdinak arautzen du eguna: goizeko 8etan esnatu, zenbaketa egin, gosaldu, tailerrak edo lana egin, bazkaldu, zeldetara igo eta afariarekin egunari amaiera eman. Kartzelako egunek beti 12 ordu irauten dute, 08:00etatik 20:00ak arte. Egun luzeak dira eta presoek orduak betetzeko lan ezberdinak burutzen dituzte, besteak beste, okintza, garbiketa lanak edo tailerrak.

Modulu ezberdinetan barrena sartuko da "Aquí y Ahora" saioa, lasaienetatik gatazkatsuenetara, baita emakumeen moduluan ere. Bertan, preso gehienak indarkeria matxistaren biktimak ere badirela jakingo dute.

700 preso baino gehiago daude Araba espetxean eta gehien errepikatzen den profila adikzioak dituzten pertsonena da. Arazo honen atzean zer dagoen jakingo du saioak, nola eragiten duen presoen egunerokotasunean eta Osasun Mentaleko zerbitzutik gaia nola lantzen duten ere ikusiko dute.

Pertsona hauentzako birgizarteratzea lan erraza izango ez dela ikusiko dugu. Haien artean, askok, familia edo harrera sarerik ez dutela aitortuko dute kameren aurrean. Ba al dago beti bigarren aukera bat?