Itxi

telebista

22:30ean

Biktima izan eta aurrera egin, gaur gauean, "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Eider Hurtado kazetariak zuzendu eta aurkeztutako erreportajeak delitu ezberdinetako biktimen testigantza gogorrak eta euren egoera gainditzeko prozesua bilduko ditu.

  • "Aquí y Ahora" saioaren irudia

    "Aquí y Ahora" saioaren irudia, bideo batetik ateratakoa

Denok izan gaitezke momenturen batean delituren bateko biktima. 2021eko Delinkuentzia Memorian 111.000 arau-hauste erregistratu dira. Lapurreta, eraso, bortxaketa eta hilketa horien guztien biktimen bizitzak aldatu dituzte eta, hortik aurrera, errekuperazio prozesu luze eta gogorra hasten da haientzat. 

Eider Hurtadok aurkeztu eta zuzentzen duen "Aquí y Ahora" saioak De víctimas a supervivientes atala eskainiko du gaur, eta delitu ezberdinetako biktimen testigantzak bilduko ditu. Lehen pertsonan kontatutako istorioak izango dira, bakoitzaren prozesua eta egoera ulertzeko balioko dutenak.

Hasteko, Silviarekin hitz egin dute, Gipuzkoako serie-bortxatzailearen biktimetako bat. Eraso horrek bere bizitzaren etapa bat markatu zuen: "Biktima izan nintzen, baina gaur egun ez naiz gehiago biktima bat. Nire bizitzaren parte minimo bat da." Blancak, bere aldetik, urte luzeko terapia bat jarraitu zuen bortxaketa baten biktima izan ondoren, baina gaur egun, gertatutakoa gaindituta duela onartzen du eta emakume zoriontsu bat dela azalduko du. Yoanak, bestalde, Asier bere neba gurasoen etxera itzuliko dela pentsatzen du oraindik ere. Gauez eraso bat jazan ondoren hil zen Asier. Duelua pasatzeko, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren laguntza jaso zuen eta oso eskertuta dago.

Duela 30 urte jarri zen BLZ martxan eta ordutik 55.000 pertsona baino gehiagori eskaini die informazioa eta laguntza, biktimizazio bikoitza saihestu eta prozesu penalari aurre egiteko.

Biktima izan diren pertsonentzat oso garrantzitsua da aurrera egitea: badaude biktima izateari uzten diotenak edota minarekin bizitzen ikasten dutenak. Guztiekin arituko da gaurko "Aquí y Ahora" saioaren De víctimas a supervivientes erreportajea, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.