Itxi

telebista

Estreinaldia

ETB2k "Necesito Ayuda" doku-serie berria estreinatuko du gaur gauean

EITB Media

Iban Garatek aurkeztuta, osasun mentalarekin lotutako arazoak dituzten gazteei entzuteko jaio da formatu berria, eta gure artean ohikoa den errealitate honi ikusgarritasuna ematea du helburu.

  • "Necesito Ayuda" saioa

    "Necesito Ayuda" saioa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gaur gauean, "Necesito Ayuda" saio berriaren estreinaldia eskainiko du EITBk. Doku-serie horren helburua prozesu psikologikoak edo erronka emozionalak (antsietatea, hipokondria, mendekotasun emozionala, telefono mugikorrekiko mendekotasuna edo elikaduraren nahasmenduak) gainditzeko bidean dabiltzan bederatzi euskal gazteri laguntzea da.

Iban Garate kazetariak aurkeztuta, "Necesito Ayuda" saioa beldur eta mamu horiei aurre egiteko bidearen lekuko izango da, oso ohikoa den errealitate honi ikusgarritasuna emanez. Prozesu osoan zehar, bederatzi gazteek profesional talde nabarmen baten laguntza izango dute.

Gazte bakoitzak kamera txikiekin dokumentatuko du bere eguneroko bizitza, bere ametsak, gorabeherak eta eboluzioa partekatuz. Halaber, astean behin, talde-terapiako saio batean bilduko dira Juanan Tejero psikologo ezaguna gidari dutela.

Sare sozialetan norbanakoaren irudi perfektua erakutsi beharrean, bizi garen mundu honetan, gazte asko inoiz baino bakarrago sentitzen dira, eta bizitza errealeko harremanetatik urrundu dira. Covid-19aren krisialdi sanitarioak egoera hori larriagotu du, eta depresio, antsietate eta estres egoerak geroz eta ohikoagoak bihurtu dira gazteen artean. Izan ere, gazte eta nerabeak bereziki zaurgarriak dira gertaera horien aurrean, aldaketa konplexuez beteriko adinean bizi direlako.

Anti TVko Stefan Faldbakken eta Elisabeth Stabellek sortutako eta Magnify Mediak banatutako "True Selfie" jatorrizko formatuan oinarrituta dago "Necesito Ayuda" saioa. Herbehereetan, Norvegian eta Kanadan arrakasta handiz ekoiztutako ikus-entzunezkoa da, eta gazte askori eragiten dien arazo horren gainean fokoa jartzea lortu du.

The Mediapro Studioko El Terrat eta K2000 ekoiztetxeek sortu dute saioaren moldaketa ETBrentzat, eta ostegunero izango da ikusgai 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en.

Profesional taldea

Kameren aurrean, Juanan Tejero psikologoak gidatuko du talde-terapia, eta kameren atzean, Marta Corral psikologo sanitarioa izango da gazteek jasoko duten laguntza terapeutikoaren arduraduna prozesu osoan zehar.

Saioaren lantalde osoak partaideen ongizatea zaintzeko etengabeko lana egin du, eta gazte bakoitzaren istorio pertsonala ondo babestu eta landu dute, gainontzeko gazteentzako erreferentzia bihurtu daitezen.

Talde-terapia tradizionala erabili dute (kognitiboa eta portaerazkoa) 10 sesioetan zehar. Denbora horretan, partaideek terapiaren emaitzak nabarituko dituzte, baita ikus-entzuleek ere. Amaieran, denek egingo dute hobera, modu batean edo bestean, eta denek ikasiko dute zerbait.

2022ko uztailean eta abuztuan grabatu da saioa, eta urrian, telebistako emanaldia estreinatuko den momentutik aurrera, parte hartzaileek babes terapeutikoa izaten jarraituko dute, euren arazoen agerpen publikoarekin elkarbizitza errazteko.

Iban Garate kazetari eta aurkezleak gidatuko du "Necesito Ayuda" saioa, eta osasun mentalarekin harremana duten gaitzek Euskadin duten eragina azalduko du datu zehatzak eskainiz. Gainera, partaideen istorioen arteko gidaritza lanak egingo ditu.

Juanan Tejero psikologoa eta Iban Garate kazetaria.

Juanan Tejero psikologoa eta Iban Garate kazetaria.

EITB, zerbitzu publikoa

EITBren helburua gazteek bizi duten errealitate honi ikusgarritasuna ematea da, beren arazoak ikuspegi psikologiko batetik aztertuz. Horretarako, gazte protagonistei hitza emango die.

Pertsona guztiek arazo psikologiak sufritu ditzakegula helarazi nahi dio "Necesito Ayuda" saioak gizarteari. Izan ere, formatu indartsu honen funtsa gure arazoez hitz egin eta laguntza eskatzearen garrantziaz ohartaraztea da.

Telebistako apustu berri honekin, EITBk euskal gizartearen eraldaketa eta garapenean partaidetza aktiboa hartzen du bere gain, gizartea hobetzen laguntzeko telebista edukien aldeko TV that matters nazioarteko pentsamoldearekin bat eginez.

Lerro estrategiko honi jarraituz, EITBk gazteen arazo hauen gaineko estigma eta tabuekin amaitu nahi du, arazo horiek gainditzeko bidaian, gizartearen onarpena eta normalizazioa lortzeko asmoarekin.