telebista
Lau t'erdiko finala
Audientzia historikoa final gogoangarri batean
EITB Media
Ezkurdia eta Altuna III.ak jokatutako lau t'erdiko finala epikoa izan zen, eta biek ala biek ikuskizun bikaina eskaini zuten pilotazaleen gozamenerako. Emanaldiak lidergoa lortu zuen bere ordu tartean, azken bost urteetako daturik onenarekin, eta eguneko saiorik ikusiena izan zen Euskadin.
-
Altuna eta Ezkurdia lau t'erdiko finalean. Argazkia: EFE
Igande honetan, Ezkurdiak eta Altuna III.ak Lau t'erdiko final gogoangarria jokatu zuten: Joseba Ezkurdiak irabazi zuen Jokin Altuna mendean hartuta 22-21eko emaitzarekin. Biek ala biek ikuskizun bikaina eskaini zuten pilotazaleen gozamenerako, eta partidaren zuzeneko emanaldia eguneko saiorik ikusiena izan zen Euskadin.
Finalak, bere ordu tartean, lidergoa lortu zuen, eta azken bost urteetako audientziarik onena eskuratu zuen. Norgehiagokak % 24,5eko audientzia zatia izan zuen, eta euskaldunen artean, % 38,3ko kuota. Halaber, 322.000 ikus-entzulek egin zuten bat partidaren zuzeneko emanaldiarekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan.
Finalaren aurretik, Urrutikoetxea-Mariezkurrena II.a eta Elezkano II.a-Rezusta bikoteek jokatutako atariko partidak ere audientziaren harrera bikaina lortu zuen. Binakako norgehiagokak % 8,4ko audientzia zatia eskuratu zuen, eta euskaldunen artean liderra izan zen % 13,8ko kuotarekin.
Baliabide tekniko aurreratuenak eta profesional talde zabala jarri ditu EITBk pilota final handi honen emozio osoa ikus-entzuleen etxeetara eramateko.
Jon Balenziagak gidatu zuen finalari buruzko "ETB Kantxa" saioa, Pedro Mari Goikoetxea, Olatz Arrizabalaga, Abel Barriola eta Mikel Idoate lagun zituela. Halaber, Elena Azpeitiak protagonistak elkarrizketatuko zituen, eta Xabier Euzkitzek hartu zuen partidaren kontakizunaren ardura.
Bizkaia pilotalekuan gertatzen den guztia ikus-entzuleei xehetasun guztiekin eskaintzeko asmoarekin, EITBren profesional talde handia izan da lanean: 40 lagun inguru. Besteak beste, kameralariak, laguntzaileak, argi eta soinu teknikariak eta produkzioaz arduratzen direnak. Hitzordu garrantzitsua izanik, hamabi kamera erabili ditu ETBk emanaldia egiteko, horien artean ezohiko irudiak eskaintzen dituen robotizatutakoa, jokoaren ikuspegi zenitala eskaintzen duen "burubero" izenekoa, eta partidaren irudi geldoa erakusten duen "slow motion" izeneko kamera.