telebista
22:30ean
"Esta Es Una Noche de Rock & Roll" saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EITB Media
Saio berriaren helburua da 55 urte baino gehiago dituzten gizon eta emakumez osatutako musika taldea sortzea. Taldekideak elkarrekin biziko dira baserri-estudio batean eta gogor lan egin beharko dute proiektu musikal hori aurrera ateratzeko.
-
Dann Hoyos, Afrika Bibang eta Leire Martinez. Argazkia: EITB Media
ETB2k "Esta Es Una Noche de Rock & Roll" talent-reality show berria estreinatuko du gaur gauean. Saioaren helburua da 55 urte baino gehiago dituzten gizon eta emakumeek osatutako musika taldea sortzea. Taldekideek musikaren munduan eskarmentu handia izango dute eta euren ametsa betetzeko aukera eskainiko die saioak.
Musika-taldea osatzeko, partaideek hiru adituren laguntza jasoko dute: Leire Martinez, La Oreja de Vasn Gogh taldeko abeslaria; Afrika Bibang, ibilbide luzea duen musikaria; eta Dann Hoyos, gitarrista profesionala. Hiru coach-ek musika taldearen formakuntzan eta garapenean lagunduko diete, eta azken ikuskizunerako prestatuko dituzte, alegia: ETB2ko Gabon Gaueko galan jotzeko erronka handirako.
Baina azken helburu honetara heldu aurretik, hainbat oztopori aurre egin beharko diete lehiakideek. Hasteko, casting erraldoi batera aurkeztuko dira eta euren musika dohainak erakutsi beharko dituzte Euskal Herriko ertz guztietatik etorritako hautagaien artean nabarmentzeko.
Castingetik bost finalista irtengo dira, musika-taldea eratuko dutenak; baserri-estudio batean biziko dira guztiak elkarrekin, musika proiektuan buru-belarri lanean.
Astero, abesti berri bat ikasi beharko dute, baina elkar ezagutzen ez dutenez, eta inoiz elkarrekin jo ez dutenez, zaila egingo zaie abesti bat doinu bakarrean jotzea.
Asteko abestia prest dutenean, espero ez duten tokiren batean eta publikoaren aurrean joko dute. Beldur eszenikoari aurre egiteko gai izango al dira?
Astero, ETBko ikus-entzuleak musika-taldearen eboluzioaren lekuko izango dira, eta taldekideen artean sor daitezkeen gatazkak eta ika-mikak ikusiko dituzte. Izan ere, rock talde onenetan bezala, ego handiak egongo dira eta horiek kudeatzea ez da lan erraza izango.
Hori gutxi balitz, belaunaldi askotariko abeslari arrakastatsuen bisita jasoko dute. Batzuk taldekideen adina izango dute eta bizipen berdintsuak partekatuko dituzte; beste batzuk, ordea, gazteak izango dira. Chill Mafia taldeko kideekin, esate baterako, auto-tune-a zer den ikasiko dute eta sare sozialen garrantziaz arituko dira.
Laburbilduz, "Esta Es Una Noche de Rock & Roll" familia osoari zuzenduta dagoen saio dibertigarria izango da, musika maitatzeko, adinak axola ez duela erakutsiko duena.
Lehen saioa
Gaur ikusgai izango den atalean, Bilboko Bilborock aretoan antolatutako casting jendetsuaren nondik norakoak eskainiko dituzte. Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako hautagaiak aurkeztuko dira castingera, eta euren musika dohainak erakutsiko dituzte epaimahaikideen aurrean.
Saioaren hiru coach adituek osatuko dute epaimahaia: Dann Hoyos gitarristak eta Afrika Bibang eta Leire Martinez abeslariek musika-banda osatuko duten kideak aukeratu beharko dituzte. Modu honetan, musikarekin zerikusirik ez duten lan eta ofizioetan aritu diren pertsonak ezagutuko dituzte: zuzenbidea, irakaskuntza edo neurologiaren esparruetan aritzen diren profesionalak, besteak beste. Denek ala denek, ordea, musika maite dute eta musikan aritu dira bere bizitza profesionaletik haratago. ETB2ko saioak bere ametsa betetzeko aukera emango die gaur gauean.
"Esto En Una Noche de Rock & Roll" asteazkenetan izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.