albistea
ETB-1en eta ETB-2n
Balentziagaren soinekoak zaharberrituz aste honetako 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Gainera, Silverstoneko Formula Student auto-lehiaketan parte hartuko duten Bilboko Ingeniaritza Goi eskolako ikasleekin izango da saioa.
-
Balenciaga Museoko bainujantzi kolekzioa. EITB
Balenciaga Museoak bilduma berria jarri du ikusgai. Jantzi bakoitza artelan bat da, eta hala tratatzen dute museoko kontserbazio sailean. Ikusgai jarri aurretik, iristen diren piezak zaharberritu egin behar dira, eta lan horretan nahitaezkoa da haiek egiteko erabili ziren materialak fidagarritasun handiz identifikatzea. Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitatearekin aritu dira elkarlanean. 'Teknopolis' saioaren kamerek artelan horietako baten jarraipena egin dute: 1948. urtean Balentziagak Barbara Hutton estatubatuarrarentzat diseinatu zuen gaueko soinekoarena, hain zuzen.
Bestalde, CIC biomaGUNE ikerketa zentrora joango da aste honetako saioa. Bertan, odola koagulatzeko ezinbestekoa den tronbina entzima laborategian haztea lortu dute eta zientzialariek prozesu hori nola lortu azalduko dute 'Teknopolis'en.
Amaitzeko, Formula Student tradizio handiko auto-lehiaketa hartuko du saioak hizpide. 1979. urtean egin zen lehenengoz, mundu osoko unibertsitateek hartzen dute parte bertan, eta helburua eserleku bakarreko lasterketa- autoak sortzea da. Horiek diseinatu, garatu, ekoitzi eta ondoren zirkuituan lehiatzea. 1 formulako autoen antz handia duten ibilgailuak dira baina askoz potentzia txikiagokoak. Ikasleek benetako enpresa baten funtzionamendua irudikatu behar dute, eta bederatzi hilabeteko epean prest egon behar du autoak. Euskal Herritik ere hainbat auto abiatuko dira uztailean Silverstoneko zirkuitura. Haien artean, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolako ikasleena. Lan itzela eginda, bi auto garatu dituzte eta ikasleek berek gidatuko dituzte zirkuituan.
'Teknopolis' igande honetan emitituko da 11:50ean ETB-2n eta 14:55ean ETB-1en.