Itxi

albistea

Saskibaloia

Endesa Ligako denboraldi berria ETBn, igandetik aurrera

A.A.

EITB

Asteburu honetan bi partida emango dira zuzenean: Gran Canaria-Gescrap Bizkaia ETB-1en eta Cai Zaragoza-Caja Laboral ETBKn.

  • Gescrap Bizkaia. Argazkia: EFE

Endesa Liga abiatzearekin batera, saskibaloi emanaldiei ekingo die Euskal Telebistak igande honetan. Bi partida izango dira ikusgai aste honetan: Gran Canaria-Gescrap Bizkaia ETB-1en eta Cai Zaragoza-Caja Laboral ETBKn.

Saskibaloiari eskainitako tartea Jon Balenziagak aurkeztu eta Asier Arangurenek gidatuko du. Asierrek berak egingo ditu esatari lanak ETB-1en, Josean Aldalur lagun duela, eta Juan de la Vegak protagonisten hitzak bilduko ditu. ETBKn ikusgai izango den partidaren nondik norakoak Xabier de la Fuentek ekarriko dizkigu Aitor Uriondo adituaren laguntzaz.

Errugbia, herri kirolak eta pilota

Saskibaloiaz gain, beste hiru kirol hitzordu izango ditugu igandean Euskal Telebistan. 15:35ean, Ordizia-Bizkaia Gernika errugbi partida izango da ikusgai ETBKn, Valentin Elgezabal eta Iñaki Laskurainen komentarioekin.

16:00etan, ETB-1en, herri kirolei eskainitako tartean, Getxon jokatutako Euskadiko Giza Proban gertatutakoak ekarriko ditu Koldo Aldalurrek.

Azkenik, 17:00etan, 'ETB Kantxa' saioa hasiko da. Bilboko Bizkaia pilotalekutik egingo dute emanaldia Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak. Aimar del Pozo Goenetxe haurraren alde egingo den jaialdian bi partida jokatuko dira: Apezetxea-Peñagarikano / Elezkano II-Iza eta Berasaluze VIII-Begino / Irujo-Pascual.

Cai Zaragoza-Caja Laboral saskibaloi partida, Ordizia-Bizkaia errugbi neurketa eta pilota jaialdia streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira zuzenean eitb.com-en.