telebista
Asteburuan hasiko da
XV. denboraldiari ekingo dio 'Teknopolis' saioak
A.E.
Irudi eta webgune berria izateaz gainera, zientzia- eta teknologia-gaiekin lotutako erreportaje zabalak eta hileroko argazki-lehiaketa izango ditu osagai nagusi saioak.
-
Oihana Jauregi (Argazkia: EITB)
"Teknopolis" saioaren XV. denboraldia abian jarriko da asteburu honetan Euskal Telebistan. "Teknopolis" jantzi berriarekin dator kurtso honetan, eta, gainera, kalera aterako da; hau da, erreportajeen aurkezpen guztiak, Miramoneko platoen erosotasunetik kanpo egingo dira, freskura eta dinamismo bila. Zientzia eta teknologia gaiekin lotutako erreportajeak izango dira programaren oinarria. Monografikoak ere egingo dira urtean zehar, eta, monografiko izan barik, programa berean gai batekin erlazionatutako istorioak ere kontatuko dira.
"Teknopolis" saioaren aurkezpena ostegun honetan izan da, urriaren 4an, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan. Han izan dira Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari nagusia; Pello Sarasola, ETBko Edukien zuzendaria; Maria Gil, Elhuyarreko Zientziaren Komunikazioa saileko arduraduna, eta Oihana Jauregi, programaren aurkezlea. Aurkezpen-ekitaldiaren amaieran, bisita gidatu bat egin da Goi Eskola Politeknikoko DBZ (Diseinu Berrikuntza Zentroa) eraikinetik.
Irudi berriaz gain, bestelako berrikuntzak ere badira denboraldi honetako 'Teknopolis'en. Horietako bat, argazki-lehiaketa da. Argazkizaleek zientziarekin eta teknologiaren zerikusia duten argazkiak bidali beharko dituzte "Teknopolis"en webgune berrira. Hilero tableta bat emango zaio epaimahaiak onenentzat jotzen duen argazkiaren egileari. On Zientzia bideo amateurren lehiaketa ere 'Teknopolis'en bideratuko da.
Programa berritzearekin batera, webgunea ere berritu da eta sare sozialetan eragiteko asmoa du lan-taldeak.
Lan-taldeari dagokionez, berriz, ez da aldaketarik: zuzendari Beñardo Kortabarria, aurkezle Oihana Jauregi, errealizazioa Pello Aranbururen esku, eta erredakzio-taldean Alaitz Ochoa de Eribe, Iñaki Leturia, Inma Alvarez, Bego Zubia eta Nagore Rementeria erredaktoreak.
Saioaren babesleak hauek izango dira edizio honetan: Mondragon Unibersitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea; Nafarroako Unibertsitate Publikoa; CIC bioGUNE, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, CIC energiGUNE, CIC tourGUNE, CIC microGUNE eta CIC marGUNE; EVE; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Ikerbasque eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila.
'Teknopolis' ETBn emango da astero: larunbatetan ETB-1en 15:00etan eta astelehenetan 'Goenkale'ren ostean, eta ETB-2n asteazkenetan gaueko 12ak aldera eta igande goizetan. Sarean ere ikus daiteke, EITB Nahieran gunean eta Teknopolisen webgunean.