Itxi

albistea

00:30ean

'La independencia paso a paso’, asteazkenean, ETB-2n

Erreportajean, Kataluniako galdeketaren legitimitatea eta independentzia lortzeko bidean sortu diren zalantzak aztertuko dituzte. TV3n emititzen den '30 minuts' saioaren erreportaje bat da.

  • 'La independencia paso a paso’, asteazkenean, ETB-2n

Euskal Telebistak TV3ko ’30 minuts’ saioren ‘La independencia paso a paso’ erreportajea emitituko du asteazkenean. Saioa hurrengo legealdian egingo den kontsultaren inguruan agertzen diren zalantzak argitzen saiatuko da.

Azken hogei urteetan, Europako hemeretzi herri estatu bihurtu dira. Estonia, Letonia, Lituania, Eslovakia, Txekiar Errepublika eta Eslovenia, besteak beste, Europar Batasunaren barruan Estatu propio izatera heldu dira. Katalunia ere iritsiko al da Europako estatu bat izatera?

Irailaren 11ko manifestazioa izan eta Rajoyk itun fiskala errefusatu ondoren, Kataluniako politikak jauzi kualitatiboa egin du: Hauteskundeak aurreratu dituzte eta Kataluniako Parlamentuak hurrengo legealdian kontsulta independentista deitzea onartu du. Baina, juridikoki bideragarria al da independentzia?

Espainiako Konstituzioa horma gaindiezina da? Espainiako Gobernuak zein neurri hartuko ditu Kataluniako Gobernuaren eta Parlamentuaren aurrean? Negoziazio adiskidetsua izango da? Ekonomikoki bideragarria al da independentzia?

Politika-zientzien, Konstituzioaren eta ekonomiaren arloko adituen laguntzarekin, galdera horien erantzunak bilatuko ditu saioak.

Besteak beste, Alberto Ruiz-Gallardon Justizia Ministroak; Miquel Roca Konstituzioaren egileetako batek; eta Carles Viver Pi-Sunyer Ikasketa Autonomikoen Institutuaren zuzendaria, eta Konstituzio Auzitegiko zuzendari-orde ohiak hartuko dute parte erreportajean.

Halaber, Ferran Requejo, Joan Lluis Pérez Fransech, Juan Carlos Gavara, Antoni Abat eta Javier Pérez Royo Zientzia Politikoetako irakasle adituen parte-hartzea izango du saioak.

Azkenik, Carme Forcadellek, Kataluniako Asanblada Nazionalaren zuzendariak; eta Josep Manel Ximenisek, Arenys de Munt herriko alkatea eta erabakitzeko eskubidearen inguruko kontsultaren bultzatzaileak ere, euren iritzia plazaratuko dute saio berezian.
‘La independencia paso a paso’ asteazkenean izango da ikusgai, 00:25etik aurrera, ETB-2n.