albistea
X. atalaren laburpena
Colera kanpalekuan, infernua topatuko dute espediziokideek
'El Conquistador del Aconcagua' saioaren azken atalak aukera ugari utziko du zabalik final zirraragarrirako.
-
Foto: EITB
Zirrara izan da nagusi 'El Conquistador del Aconcagua' saioaren azken atalean, eta aukera ugari utzi du zabalik final handirako. Ezustekoak eta emozioa ez dira faltako, inondik inora ere.
Hamargarren atala Andoni Agirregomezkortaren erabakiarekin hasi zen. Etsi egin zuen aktoreak eta Nido de Condoresera jaistea erabaki zuen. Komiko gipuzkoarra gainontzeko taldekideengandik 200 metroko desnibelera zegoen, baina ez zeukan indarrik, eta gailurrerako txartela irabazita ziango ote zuen ez zekienez, buelta ematea erabaki zuen. Ibanen ustea berretsita geldituko da, izan ere, espediziokideek Andoni hautatu zuten, eta jUanitok, berriz, Koro, eta biek amore eman zuten. Bergarako arraunlaria ziur zegoen bera iristeko gai izango zela.
Andoniren erabakiak sortutako tristura, haize indartsua eta hotz izugarria lokartzeko eragozpen izan ziren guztientzat. Iñakik zalantzak zituen, dueluak erreta utzi baitzuen. Laiseka ez zegoen oso animatuta, eta behera joatea zeukan buruan. Serafinek eta Magdak buruko mina izan zuten eta Julian bera ere medikuarenean izan zen hidratazio faltagatik.
Bost espediziokideek joko-arau berriei egin beharko diete aurre. Juanitok iragana atzean utzi behar dutela esan zien abentura berriari ekiteko eta, zuzenean, Iñakiri egin zion aipamena, aurreko atalean liskarra izan baitzuten. Julianek, gainera, abentura berria bikoteka biziko dutela esan zien. Bikotekide batek egindako guztiak eragina izango du bestearengan. Bat igotzen ez bada, bestea ere ez da igoko.
Gainera, beste berrikuntza bat ere iragarriko dute. Oraingoan, 'El Conquistador del Aconcagua' saioaren irabazlea ez dute ikusleek erabakiko platoan; gailurrera iritsiko den lehen bikotea izango da garailea.
Bikoteen osaketari dagokionez, ez zen zalantzarik izan. Iñaki eta Serafin, eta Kote eta Laiseka elkartu ziren. Magdak ez zuen aurretik izandako bikoterik apurtu nahi izan, baina ez zen bakarrik gelditu. Julianek bere bikote izatea proposatu zion. Espedizioak gailurrerako azken koskara igotzeari ekingo dio, Colera kanpalekura. Haizearen iragarpena ez zen batere ona.
Kote Juanitoren atzetik zihoan igoeran, Magda eta Julian, atzerago, eta medikua alboan zeukatela, eta Roberto Laiseka makal joan zen. Zorabiatuta zegoen, eta sufritzen ari zen. Julianek Koteri kargu hartu zion, bikotekideari ez ziolako lagundu, eta bien etorkizuna lotuta dagoela gogorarazi zion.
Juanito guztiekin haserretu zen, Serafinen pausora zihoazelako. Azkenean, guztiak iritsi ziren Colerara, 40 Km/h-ko haize boladekin. Laiseka larri iritsi zen, Magda eta Julian ez zeuden % 100ean, Serafin, motel, baina ondo joan zen, eta Kote eta Iñaki zeuden, itxuraz behintzat, guztietan ondoen.
Hurrengo egunean ekin behar diote gailurrerako bideari, eta Juanito kezkatuta zegoen iragrpenarekin: 40 eta 45 Km/h-ko haizea. Hala ere, egunsentian abiatzeko asmoari eutsi zion. Esnatzean, haizearen eraginez, zero azpitik 25 graduko sentsazio termikoa zeukaten. Juanitok Plaza De Mulas kanpalekuarekin hitz egin zuen eta mediku azterketak egingo zituztela, eta abiatu aurretik, ordu pare batez itxarongo zuetla esan zien.
Beheko domoan kezka zen nagusi. Korok oso garbi zeukan: 'horrelakoa da mendia'. Hortxe bukatu zen atala. Lortuko al dute gailurrera abiatzea? Zenbat bikote helduko da? Nor izango da iristen lehena? Nori aholkatuko dio medikuak ez aurrera egitea?
Galdera horiek guztien erantzunak finalean ezagutuko ditugu.