Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00ean

Asisko Urmenetari elkarrizketa, gaur, 'Arte[faktua]' saioan

EITB

Komikigile nafarrak bere azkeneko lana aurkeztuko du, 'Eusklabu alaiak', eta Piarres Erdozaintzi eskulturgilea izango da bere gonbidatu partikularra.

2:07

Larunbat honetako 'Arte[faktua]' saioko elkarrizketatu nagusia Asisko Urmeneta komikigile nafarra izango da, eta bere gonbidatu partikularra Piarres Erdozaintzi eskulturagilea. 'Arte[faktua]' bi artistekin elkartuko da Nafarroa Behereko Donaixti-Ibarre herrian, eskulturagilearen herrian, komikigilearen Hozta herritik gertu.

Asiskorekin elkartzeko aitzakia Eusklabu alaiak bere azken komikia izan da. Robinson Crusoeren adaptazio bat egin du Urmenetak eta irla hartako protagonistak Bidasoaren mugan dagoen Faisaien uhartera ekarriz, paralelismo bat egin du hango protagonistek eta Euskal Herrikoek bizi dutenaren artean. Guztia umorez atonduta, hori baita mundua ikusteko duen manera.

Asisko Urmenetak bere hastapenez eta ibilbide profesionalaz ere hitz egingo du saioan: Gartxot, Mantxut, Napartheik eta H28 izango ditu, besteak beste, hizpide. Komikigintzaren etorkizunaz baikor azalduko da artista.

Maite Mindegia irakurle larrabetzuarrak bere gomendioa egingo du, liburu dendek eta Ane Zulaika booktuberrak egingo duten legez.

Galdetegiaren atalean, Arantxa Iturbek, Bertol Arrietak eta Uxue Alberdik euren liburu kuttunen aipamena egingo dute. Eta saioa borobiltzeko, ez dira faltako asteroko pitxiak eta nobedadeak.

'Arte[faktua]' larunbat honetan izango da ikusgai 15:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea