Itxi

Baserri eta Txankarra

Baserri eta Txankarra

Baserri eta Txankarra

Lekeitiarren abenturak

'Baserri, Txankarra & Maitane' Sevillan izango dira gaur

A.H. | EITB

Lekeitioko bi arrantzale jubilatuek hegazkina hartu eta kolore berezia emango diote Sevillari.

0:20

Baserri eta Txankarra arrantzale jubilatuek Lekeitio utziko dute eta Andaluziara joango dira hegazkinez gaurko saioan. Maitanek prestatu dien bidaiari esker, Sevillako lekurik ezagunenak bisitatuko dituzte, bertan bizi diren euskaldun batzuen eskutik. Baserrik, gainera, ligatzeko aukera izango du.

Jon Plazaola aktore urretxuarrarekin 'Allí abajo' telesaila grabatzeko lekuak ezagutu eta sevillarrek erabiltzen dituzten 'piroporik' bitxienak eta eraginkorrenak  ikasiko dituzte. Gorka Aginagalde aktorearekin, berriz, 'perretxikotan' ibiliko dira; hau da, Jurgen Meyer arkitekto alemaniarrak diseinatutako Sevillako 'perretxikoak' bisitatu eta hiriko ikuspegi ederrez disfrutatu ahal izango dute.

Trianako merkatuan ere izango dira, Eneko Galarraga sukaldari donostiarrarekin. Bertan, jatetxe tipiko batean egingo dute hamaiketakoa eta arrain saltzaile sevillar batekin lehiatuko dira... arraina garbitzen! Zein irtengo da garaile txelba izeneko arraina garbitzen, Sevilla ala Lekeitio?

La Cruz auzoa eta Giralda ikusi eta gero, Espainia Plazara abiatuko dira. Bertan, ur kanal bat eta txalupak daudela aprobetxatuz, gure bi arrantzale lekeitiarrek arraunean oso iaioak direla erakutsiko dute, estropada inprobisatu batean. Bi arraunlari eta sari bakarra jokoan: Espainia Plazako bandera.

Sevillaz gain, Jerez ere bisitatuko dute Baserrik eta Txankarrak. Hasteko, González Byass upategiak. Munduan barrena esportatzen dituzten ardo upelak ikusi eta 'venencia'-k Italia eta gondolekin zerikusirik ez duela jakingo dute. Aditu jerezarrek legez, ardoa 'benentziatzen' saiatuko dira; hau da, sagardoa bezala, ardoa edalontzian 'apurtzen'.

'Tío Pepe' kopatxo batzuk hartu eta, zuzen-zuzen (tira, hainbeste ardo edan eta gero, ez hain zuzen agian), Jerezko Zaldi Artearen Andaluziako Errege Eskolara joango dira. Arraun egiten badakitela erakutsi dute, baina zer moduz moldatuko dira zaldiak hezitzen?

Sevillan bueltan, kalesan ibili eta flamenko-ikuskizun batera joango dira gure bi arrantzaleak. Bertako jabearekin, 'La Anselmarekin', sevillanak kantatu eta flamenkoa dantzatuko dute, eta, azkenik, Jon Plazaolak irakatsitako 'piropoei' esker-edo, Baserrik ligatu egingo du.

'Baserri, Txankarra & Maitane' astelehen honetan izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.

TB1en.