boxeo izarrak
Gaur gauean, 00:35ean
"Boxeo Izarrak" saioaren denboraldi berria pisu astuneko munduko txapelketa bikain batekin hasiko da
EITB Media
Pedro Mari Goikoetxeak gidatutako kirol tartea ostiral gauero izango dugu ikusgai. Ohi denez, Manu Maritxalar aditua izango du lagun borrokaldiak aztertzeko.
-
Manu Maritxalar eta Pedro Mari Goikoetxea. Argazkia: EITB Media
Joan den larunbatean Manchesterren Joe Joycek eta Joseph Parkerrek jokatu zuten munduko txapelketa ikusgarriarekin jarriko da abian "Boxeo Izarrak" saioaren denboraldi berria. Pedro Mari Goikoetxeak gidatutako kirol tartea ostiral gauero izango da ikusgai ETB1en. Ohi denez, Manu Maritxalar aditua izango du astero alboan borrokaldiak aztertzeko.
Joe Joycek zilarrezko domina eskuratu zuen 2016ko Joko Olinpikoetan eta profesional mailan ez du behin ere galdu. Egindako 14 borrokaldiak irabazi ditu, guztiak k.o. bidez, bat izan ezik. Joseph Parker Zelanda Berrikoa da, baina Erresuma Batuan bizi da. 30 garaipen lortu ditu bere ibilbide profesionalean, eta bi neurketa galdu ditu, Dillian Whyte eta Anthony Joshuaren aurka. 2016an, munduko txapeldun izan zen Andy Ruiz menderatuta. Bitan eutsi zion gerrikoari.
Aste honetako bigarren norgehiagoka Jahi Tucker eta D'Andre Smithen artekoa izango da. Tuckerrek 19 urte baino ez ditu, eta orain arte, zazpi borrokaldietan nagusitu da. Smithek 11 garaipen lortu ditu, eta behin bakarrik galdu du.
Saioa osatzeko, Hector Tanajara eta Miguel Contrerasen arteko borroka eskainiko dute. Ez dira boxeolari ezagunak, baina zenbaki onak dituzte, eta neurketa ikusgarria eskaini zuten.
"Boxeo Izarrak" saioa 00:35ean izango da ikusgai aste honetan ETB1en.