Chiloé
22:15ean
'Chiloé, Lasterka Munduan' saioaren denboraldi berria, gaurtik aurrera, ETB1en
EiTB
Zigor Iturrietak bere bi pasioak uztartuko ditu saioan: mendi lasterketak eta sukaldaritza.
'Chiloé, Lasterka Munduan' saioaren hirugarren denboraldia gaur estreinatuko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Zigor Iturrietak bere bi pasioak uztartzen ditu programa honetan: mendi lasterketak eta sukaldaritza.
Denboraldiak izango dituen sei ataletan zehar, munduko beste horrenbeste herrialdetara bidaiatuko du, bertako mendi lasterketa ospetsuenetan parte hartu eta tokian tokiko gastronomia, jendea eta parajeak ezagutzeko asmoz.
Japonian hasiko da uda honetako 'Chiloé, Lasterka Munduan' abentura, Osakan, hain zuzen ere. Hiri handi honetan dagoen arrain merkatua, kale famatuenak, eta Umeda, Namba eta Shinsaibashi auzoak ezagutuko ditu saioak.
Halaber, Iga Ueno lurraldean murgilduko da, ninjen ohiturak eta kultura ezagutzeko, eta Iga inguruko basoetan egingo den 48 kilometroko Ninja Ultra Trail lasterketan parte hartuko du Zigor Iturrietak.
Iturrietaren bigarren jomuga Frantziako Montpellier hiria izango da. Hirigunean zehar ibiliko da, bertako historia eta alde zaharra gertutik ezagutzeko. Horrez gain, kostaldean dagoen Palavas-les-Flots herria eta barrualdean dagoen Saint-Martin-de-Londres herriko upategi bat bisitatuko ditu. Azkenik, Montpellier hiriko maratoian (42 kilometro) lehiatuko da Zigor.
Hirugarren atalean, Esloveniara joango da Zigor Iturrieta, eta herrialdeko Lesce, Ljubljana eta Istria hiriak ezagutuko ditu. Bled lakuan hasiko dute ibilbidea, eta hiriburura joango dira gero, Esloveniako gastronomiaz gozatzera. Kostaldean, Istria aldera joko dute, Portoroz eta Piran herriak ezagutzeko. Azkenik, Istrski Maraton lasterketan (42 kilometro) parte hartuko du.
Esloveniatik Austriara egingo du salto 'Chiloé, Lasterka Munduan' saioak. Salzburgo eta Innsbruck hiriak bisitatzeaz gain, Innsbruckeko Alpine Trail Run Festibaleko 65 kilometroko mendi lasterketa egitea izango du helburu.
Bosgarren atalean, Belgikara joango dira. Ostende hirian hasiko da bidaia, kostaldean, eta Brujas ezagutuko dute gero, bertako museoak bisitatuko dituzte eta Less jatetxera joango dira. Jarraian, Gante hiri handi, moderno eta bizian izango dira. Ibilbidea Geraardsbergen herrian amaituko dute, eta bertako triatloian parte hartuko du. Kamerak begira dituen lehen triatloia izango du Zigorrek.
Frantzian amaituko du denboraldia Zigorrek, Bretainian. Iparraldean, Paimpol, Perros Guirec, Trégastel Locquirec, Plougasnou eta Morlaix herriak ezagutuko dituzte. Gainera, Plouzané herrian egiten den 53 kilometroko Bout du Monde Ultra Trailean parte hartuko du Zigorrek.
'Chiloé, Lasterka Munduan' ostegunero izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.