Eitb Kultura
ETB1en eta ETB2n
Artedrama, Imanol Ubeda eta Unai Azkune, gaur gauean, 'EiTB Kultura Transit' saioan
EITB
Aulestiko Artedrama Euskal Laborategian izango dira; Imanol Ubeda abeslariaren kultur gomendioak jasoko dituzte eta Unai Azkune margolari eta musikaria ezagutuko dute.
-
Imanol Ubeda
Gaur gauean, Artedrama, Imanol Ubeda abeslariaren kultur gomendioak eta Unai Azkune margolari eta musikariaren lana ezagutuko ditu 'EITB Kultura Transit' saioak.
Artedrama Euskal Laborategia, arte eszenikoetan euskara hutsean trebatzeko aukera emateko jaio zen duela 13 urte Aulestin. Erreferentziazko zita bihurtu da euskal antzerkigintzan. 'EITB Kultura Transit' aurtengo edizioan izan da eta, besteak beste, Ander Lipusekin hitz egin du proiektuaz.
Don Inorrezen lehen lana kaleratu berritan, bere kultur gomendioez galdetu diote Imanol Ubedari. Donostiako Tobacco Days liburu-dendan zitatu du programaren lantaldea. Han aitortu du liburuak langai gisa erabiltzen dituela. Poesia liburuak, nobelak, dokumental bat eta film bat gomendatu ditu besteak beste.
Unai Azkune musikari eta margolariaren estudioan izan dira, Algortan. Beretzako margotzen duela esan du, eta margolanak non gorde ez dakiela ibiltzen dela, ehundik gora lan dauzka eta. Meditazio modu bat omen da margotzea Azkunerentzat, baita musika egitea ere. Kantu propioak sortzen ikasi zuen gitarra jotzen, eta bere azken diskoa prestatzen ari da orain. Hau ere, bere kasa eta gertukoentzat egindakoa.
'EiTB Kultura Transit' saioa ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en eta ETB2n.