Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

'EiTB Kultura Transit' saioa 'Agur Etxebeste!' filmatzeko lanetan izango da gaur

EITB

Gainera, Oier Aldazabal zinema zuzendaria ezagutuko dute eta Fermin Muguruzaren kultur gomendioak eskainiko dituzte.

  • 'Agur Etxebeste!' filmeko aktoreak. Argazkia: EiTB

    'Agur Etxebeste!' filmeko aktoreak. Argazkia: EiTB

Agur Etxebeste! pelikula filmatzeko lanetan murgilduta dago Aupa Etxebeste! egin zuen lantalde bera. Bigarren zatirako gidoi egokia aurkitzeko denbora luzez lan egin eta gero, Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek herriko udaletxera eraman dituzte oraingoan Etxebestetarrak. Iban Garate, Ramon Agirre, Elena Irureta eta Paco Sagarzazu jarri dira berriz familiaren azalean, eta gustura ekin diote grabatzeko lanari, hainbeste urteren ostean, aspaldiko lagunekin ari baitira lanean bigarren zati honetan. Bergaran ari dira egunotan pelikula grabatzen, eta 'EiTB Kultura Transit' saioak bisita egin die.

Horrez gain, Zinemaldian aurkeztuko diren euskal filmak errepasatuko ditu saioak, eta Zinemira sailean lehen pelikula aurkeztuko duen zuzendari berri bat emango du ezagutzera: Oier Aranzabal. Kazetari eta musikari izateaz gain, zinemagintzan estreinatu da Margolaria dokumentalarekin. Lan honek Mikel Urdangarin musikari zornotzarra du protagonista. Artista baten sortze prozesua eta agertokiaren atzealdeko bizitza erakutsi nahi du filmak, Alain Urrutia margolaria alter ego gisa hartuta.

Fermin Muguruzarentzat ere egun handiak dira hauek. Black is beltza proiektuak bere bidea egiten jarraitzen du; Zinemaldian aurkeztu eta aurki estreinatuko du animazio filma. San Telmon ikusgai duen izen bereko erakusketa aprobetxatu dute bere kultur gomendioez galdetzeko: Robert Johnson eta Rosaliaren musika, Eider Rodriguez eta Eduardo Galeanoren liburuak, eta Francis Ford Coppolaren Apocalypsis now filma ekarriko ditu, besteak beste, 'EiTB Kultura'ren zakura.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.