Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

'Ghero' antzezlanaz arituko dira gaur gauean 'EiTB Kultura Transit' saioan

EITB

Gainera, Rafa Ruedaren kultura gomendioak eta Iratxe Fresneda zinemagilearen 'Lurralde hotzak' filma ezagutuko dituzte.

  • Tartean Teatroa konpainiaren 'Ghero' antzezlana

    Tartean Teatroa konpainiaren 'Ghero' antzezlana

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira sortu du Tartean Teatroa konpainiak Ghero antzezlana. Hilzorian den azken euskaldunaren istorioa kontatzen du: bere gain, hizkuntzaren biziraupenaren zama sentitzen duen gizonarena. Hizkuntza aniztasunari omenaldia egin nahi dio Gherok, eta asko dira taularatzen dituen hizkuntzak, zein horien biziraupenari buruzko hausnarketak. 'EiTB Kultura Transit' Arriagan eskaini duten emanaldian izan da.

Bestalde, Rafa Ruedaren gomendio kulturalak jasoko ditu saioak. Berritzaileak diren lanak ditu gustuko Rafa Rueda musikariak. Horregatik, eta zinemari dagokionez, Star Wars-en lehen atala eta Delicatessen frantziarra daude bere kutunen artean. Mungiako Olalde aretoan eman digu bere proposamenen berri eta han hitz egin digu Itoizen Alkolea diskoaz eta Jeff Buckley musikariaz. Literaturan, Xabier Gantzarainen Zuloa eta Alex Ross kazetariaren El ruido eterno atera ditu zakutik.

Amaitzeko, Iratxe Fresneda zineMAgilearen azken lana ezagutuko du saioak, Lurralde hotzak filma. Xixongo nazioarteko zinema jaialdian aurkeztu berri du. Bakarkako lan bat izan da, egileak Islandiaraino egin duen bidaia. Zinemagintzari eta zuzendariaren begirada pertsonalari buruzko trilogiaren bigarren alea da. Lehenengoa Mirentxu Loyarte zinemagileari buruzko Irrintziaren oihartzunak izan zen, eta hirugarrena sortze prozesuaren lehen urratsetan dago oraindik.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.