Eitb Kultura
Gaur, ETB1en eta ETB2n
Dantza eta zinema, atzoko eta gaurko errefuxiatuen babestoki 'EiTB Kultura Transit'en
EiTB
Gainera, Mikel Rueda zinemagilearen kutur gomendioak bildu eta Mikel Azpiroz musikariaren lana ezagutuko ditu saioak.
-
'EiTB Kultura Transit'en logoa. Irudia: EiTB
Larart proiektuak Basoa dantza ikuskizuna, Basotik itsasora dokumentala eta argazkigintza biltzen ditu. Eta Frantzian, Gursko errefuxiatu-eremua zer izan zen ezagutzera ematen du. Gaur egun, lehenengo errefuxiatu-eremu izan zena eta gero kontzentrazio-eremu bihurtu zen toki hura bisitatu nahi duenak baso bat baino ez du topatuko. Finean, Gerra Zibila bukatu ostean ihes egin beharrean izan zirenen eta gaur egungo errefuxiatuen egoera parez pare jartzen ditu Larartek zenbait arte diziplinaren bidez. Proiektuaren osagaiak ezagutu dituzte aste honetako 'EITB Kultura Transit'en.
Mikel Ruedaren Kutunak
Mikel Rueda bilbotarraren azken filma, El doble más quince, udazkenean iritsiko da zinema-aretoetara. Filmeko sekuentzia batzuk grabatu zituzten lekura eraman gaitu: Zorrotzaurrera. Han eman dizkigu bere proposamenak: Suspiria eta Las distancias filmak, El elogio de la sombra eta Cuatro amigos liburuak eta Maria Arnal eta Marces Bagésen eta Belakoren musika.
Mikel Azpiroz Sortzailea
Mikel Azpirozek bizitza osoa darama pianoaren bueltan. Donostiako kontserbatorioan ikasketa klasikoak jaso bazituen ere, blues, soul eta rock-and-roll doinuek liluratu zuten txikitatik.
Izebek pasatako biniloetan entzun zuen lehenengoz musika afro-amerikarra, Donostiako Jazzaldian gero, eta egun Elcano Browning Cream hirukotearekin sortzen ditu melodia erritmiko hauek, Hammond organoa oinarri hartuta.
Kantu intimista, ilun eta pausatuagoak ere entzun ditzakegu bere diskografian, bakarkako ibilbideari dagozkionak. Gaua eta Zuri dira donostiarrak bakarka pianoan kaleratu dituen lanak, eta hirugarrena prestatzen ari da orain. Bertan agertuko den pieza bat entzuteko aukera izan dugu.
'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en (23:35) eta ETB2n (00:55).