Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Gaur, ETB1en eta ETB2n

Flamenkoa eta euskal musika, 'Burdina' ikuskizunean, 'EiTB Kultura Transit'en

ETB

Horrez gain, Ander Lipusen kutunak eta Dani Fano komikilariaren lana ezagutuko ditu saioak gaur gauean.

  • Dantzarien hankak

    Dantzarien hankak. Irudia: EiTB

Gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioak Barakaldo Antzokian estreinatu berri den Burdina ikuskizuna ezagutuko du, Ander Lipus aktorearen kultur gomendioak bilduko ditu eta Dani Fano komikigilearen lanaren berri emango du.

Bizkaiko meatzeetara lanera etorri zirenen istorioa dantza eta musika ikuskizun bihurtu du Burdinak. Flamenko doinuak eta Adriana Bilbao dantzariaren mugimenduak, txalapartarekin eta Beñat Achiaryren ahotsarekin nahasi dituzte, barrenatzaileen harri soinua ere tartean delarik. Publikoa Euskal Herrian emigrazioak izandako pisuaz eta iragan industrialaz hausnartzera bultzatu nahi duen lana da.

Ander Lipusen kutunak

Antzerkiari lotuta beti, Ander Lipusek Berrizko Kultur Etxera eraman gaitu, besteak beste, antzerkiaz hitz egitera. Poloniara eta Madrilera bidaiatzea du gustuko, han egiten dituzten obrak ikustera. Iparraldeko maskarada eta libertimenduen zalea ere bada.

Zinemazale amorratua ez bada ere, Cold war gomendatu du. Literaturan, berriz, Josu Goikoetxea eta Idurre Eskisabelen poesia; Xabier Gantzarainen Zuloa saiakera; eta Antton Luku, Jerzy Grotowski eta Tadeusz Kantor antzerkigileen lanak atera ditu zakutik. Musikan, D´Capricho bikote kubatarra eta Ibon RG.

Dani Fano komikigilea

Amaitzeko, Dani Fano komikigile eta Xabiroi aldizkariko koordinatzailearen lana ezagutuko du saioak. Binetaz bineta sekuentziei erritmoa eman eta elipsien bidez istorioak nola sortzen dituen kontatu digu. Izan ere, kontatzaile gisa definitzen du bere burua donostiarrak.

Zortzi urtez Miguel Marmol El Salvadorko iraultzaile historikoaren bizitza erretratatu du Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak eleberri grafikoan. Garai berean, baina, Euskal Herrian kokatutako beste pertsonaia baten abenturak marrazten ari da orain Sasi artean Elgeta lanean.

'EiTB Kultura Transit' saioa ostegunetan izaten da ikusgai ETB1en (23:45), ETB2n (01:10) eta eitb.eus-en.