Gailurra
Gaur, 22:15an
Anbotora joango dira 'Gailurra' saioaren denboraldiko azken atalean
A.H. | EITB
Andoni Aizpuru eta Irati Anda Anbotora igoko dira, eta mitologia eta kondairaz betetako saioa eskainiko dute.
Gaurko 'Gailurra' saioan, Anbotora igoko dira Andoni Aizpuru eta Irati Anda. Bizkaiko mendi honek 1.331 metro ditu, eta astero bezala, tontorrera igotzeko bi bide ezagutuko dituzte: Andoni eta bere taldea Urkiolatik abiatuko dira; Iratiren taldea, berriz, Arrazolatik.
'Gailurra' saioaren denboraldiko azkeneko atalean, ez da anfitrioi berezirik izango. Andoni Aizpuruk berak erakutsiko du mendia, oso ongi ezagutzen baititu inguru horiek. Anbotoko bitxikeria guztien kontakizuna eta bestelako lanetan, gainera, lagun berezia izango du ondoan, eta haren istorioa ere ezagutuko du saioak.
Gonbidatuen artean, Jesus Eguzkitza ere izango dute. Eguzki ETBko bikoizle eta irratiko esatari izandakoa da, eta berea da 'Dragoi Bola' marrazki bizidunetako narratzailearen ahotsa, besteak beste.
Tontorrera igoko direnen artean bi suhiltzaile eta ertzain bat ere izango dira. Beraien erreskate eta bizipenak kontatuko dituzte, eta taldekideei lagunduko diete igoeran.
Teknologia berriek ere izango dute txokoa atal honetan, ardiak GPS bidez kontrolatzen dituen artzain bat izango baita saioan.
Mariren kobazuloa ere bisitatuko dute mendizale batzuek, Anbotoko damarekin lotura berezia duen Negugogorren laguntzarekin.
Mendiaren gogortasuna eta arriskuak ezagutzeko ere balioko du aste honetako atalak, gailurrera iristear daudela lainoa sartuko baita bat-batean. Lortuko al dute goraino iristea?
'Gailurra' saioaren denboraldiko azken atala gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.