Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

EiTB Durangon

'Go!azen' bildumako bigarren liburua, 'Eiderren egunerokoa', Durangon

EiTB

Jasone Osorok idatzi, Alai Zubimendik ilustratu eta Alai argitaletxeak argitaratu du.

  • Maite Iturbek, Jasone Osorok, Itziar Urretabizkaiak eta Karmele Larrinagak aurkeztu dituzte liburuak

    Maite Iturbek, Jasone Osorok, Itziar Urretabizkaiak eta Karmele Larrinagak aurkeztu dituzte liburuak

Eiderren egunerokoa, 'Go!azen' telesail arrakastatsua oinarri duen liburu sortako bigarren atala, aurkeztu da ostiral honetan, abenduaren 6an, Durangoko Azokan. Lehena bezala, Jasone Osorok idatzi, Alai Zubimendik ilustratu eta Alai argitaletxeak argitaratu du.

Liburuaren aurkezpenean Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia, Jasone Osoro idazlea, eta Karmele Larrinaga eta Itziar Urretabizkaia aktoreek hartu dute parte.  

Kasu honetan Eider dugu protagonista. 'Go!azen 6.0' telesailean Danel lehengusuarekin batera iritsi da Basakabi udalekura. Hara joan aurretik, ordea, esperientzia garratza bizi izan zuen Eiderrek mutil batekin: Iker izeneko mutil jator eta liluragarri batekin maitemindu zen, eta, halako batean, bikote gisa harekin ateratzeko aukera izan zuen. Pozak zoratzen, gertatzen zitzaion guztia eguneroko batean idatzi zuen Eiderrek, eta horri esker jabetuko gara ustez harreman aberasgarria izan behar zuen hori mugatzailea eta toxikoa dela.

Une batzuetan, Eiderrek Basakabin izango duen jarrera ulertzen lagunduko digu Eiderren egunerokoa liburuak.

Egileak eta liburua

Jasone Osoro Igartua Elgoibarren jaio zen, 1971n. Kazetaria da ikasketaz, eta prentsan ez ezik, telebistan ere aritu da gidoigile. Helduentzako hainbat nobela eta ipuin-liburu idatzi ditu, hala nola Tentazioak, Korapiloak, Greta eta Hamabietan bermuta. Dena den, gazte-literatura arloan inon baino arrakasta gehiago lortu du 'Jara' (Jara, Jara bikiak eta bikoteak, Jara live eta Jara Bartzelonan) eta 'Ezekiel' (Ezekiel eta Ezekiel noraezean) sailekin liburuak hamaika berrargitaraldi izan baituzte. Nerabeentzat kaleratu duen azken sailak 'Esku larru beltzak' du izena (Eskularru beltzak, Casting-a, Ikasbidaia eta Ihes).

Alai Zubimendi Idarreta, bere aldetik, Arte Ederretan lizentziatu ondoren, 2002. urtean hasi zen ilustrazio lanetan, batez ere haur literaturari eta testu-liburuei zuzendutako irudiak sortzen. Orduz geroztik, hainbat argitaletxerentzat egin du lan. Komikigintzari ere ekin dio eta hainbat sari lortu ditu. Gaur egun, Hernaniko Gaueko komiki-dendaren jabea da, eta ilustratzaile lanarekin jarraitzen du.

Liburua salgai egongo da Durangoko Azokan bertan eta horrez gain, sarean, EiTB Dendan; Euskal Herriko liburu dendetan eta 'Go!azen'en antzerki emanaldietan.