Go!azen
8. atalaren aurrerapena
Lukenek ihes egingo du Basakabitik, gaur gaueko "Go!azen"en
EITB
Atalaren emisioaren ondoren, "Go!azen antzerkia 2020" izango da ikusgai, bai ETB1en, baita eitb.eus-en ere.
-
Lukenek ihes egingo du Basakabitik. Irudia: EITB
Lukenek ihes egingo du Basakabitik, gaur gauean, "Go!azen" telesailaren zortzigarren atalean. Eta atalaren emisioaren ondoren, "Go!azen antzerkia 2020" izango da ikusgai bai ETB1en, baita eitb.eus-en ere.
Hankaz gora dago Basakabi egunotan. Alde batetik, Lukenek etxera joan nahi du eta ahalegin ugari egin ditu udalekutik etxera bidali ditzaten, inurrien izurritea sortzea adibidez. Baina dena gaizki irten zaio eta oraingoan ihes egitea erabakiko du. Noraino iritsiko ote da?
Bestetik, Enara Igorrekin itzuliko al da? Hala pentsatuko dute guztiek Igorrek sare sozialetara igo duen argazki baten ondoren. Agian lehengo harremana berreskuratzea pentsatzen ari da Enara...
Azkenik, Maddi zulo beltz batean ikusiko dugu. Bere aitaren kasuaren berri argitaratu dute medioetan eta interneten erraz aurkitu daiteke. Saiatu da egoera sekretuan mantentzen, baina ezinbestekoa da lagunek zer gertatzen den jakitea, albisteak irakurrita.
Ostiralero, 21:00etan, "Go!azen" telesailaren atal berri bat izango da ETB1-en eta eitb.eus-en. Emititutako atal guztiak EITB Nahieran atarian eta Goazen APPan daude ikusgai.
Antzezlana
Zortzigarren atala amaitu ondoren, iazko denboraldiko antzezlana izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. "Go!azen antzerkia 2020" obran Maria Redondo (Zurine), Xanti Korkostegi (Igor), Lorea Intxausti (June), Nikola Zalduegi (Eneko) eta Dánae Riaño(Maddi) aktore gazteak ikusiko ditugu oholtza gainean, Xabi San Sebastianekin (Telmo) batera.
Gerente eta ikasle berriak izango ditu Basakabik istorio honetan. Zuri ikasle beteranoak Eneko, Igor, Maddi eta June ezagutuko ditu eta haiekin elkarbizitzera egokitu beharko du, nahiz eta batzuetan ez den erraza izango.
Telesaileko abestiez osatutako antzezlana izango da, "Go!azen"eko aurreko denboraldietako obrak izan ziren bezala.