Itxi

Goenkale

Goenkale

Goenkale

Denboraldi berria

'Goenkale' bueltan da, astelehenetan eta astearteetan, ETB1en

A.A.

EiTB

Telesailaren 21. denboraldia gaur gauean hasiko da.

  • Etxegaraitarrak

    Etxegaraitarrak

'Goenkale' telesailaren 21. denboraldia hasiko da gaur, aurpegi berri askorekin. Horietako batzuk Etxegarai familia osatzen dutenak izango dira; farmazia bat dute Arralden, eta klan moduko bat dira.

Arantxa eta Jagoba senar-emazteek eta horien hiru seme-alabek (Tania, Hodei eta Alazne) osatzen dute Etxegaraitarren sendia. Amalia, Arantxaren ama, ere horiekin bizi da. Oso familia batua da, baina baita korapilatsua ere. Elkarren artean oso ezberdinak dira, eta horrek liskar eta eztabaida ugari sortuko ditu euren artean.

Etxegaraitarrak betidanik bizi izan dira Arralden, nahiz eta ikus-entzuleok orain ezagutuko ditugun. Farmazia bat dute herrian eta oso ospetsuak dira bertan, Mirandatarrek edo Madariagatarrek bezala.

Iazko denboraldiaren amaiera

Azken horiek, Madariagatarrek, gorabehera ugari izan dituzte azken urteotan. Iazko denboraldiaren amaiera gogorra izan zen haientzat. Zer gertatuko da Aliziarekin? Mitxelek tirokatu egin zuen azken atalean. Bizirik irtetea lortuko al du? Ala hilobiratu egin beharko al dute?

Bestetik, Lukas bueltan datorkigu berriro. Aurreko denboraldietan, gertakizun gogorrak bizi izan zituen eta AEBra joana zen. Orain, Arraldera itzulita, aitaren oinordeko ezin hobea dela erakutsiko du eta bizipen berriekin hunkitu egingo gaitu.

Xabin eta Lupe, berriz, elkarrekin daude azkenean, eta, Axunekin batera, gertakizun ugari biziko dituzte. Iragana ate-joka etorriko zaie eta betiko gordeta zutela uste zuten sekretu bat agerian geratuko da.

Dena prest dago denboraldi berriari ekiteko 'Goenkale'n. Ohikoa den bezala, ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, astelehen eta astearteetan.