Itxi

Gure Kasa

Gure Kasa

Gure Kasa

21:15ean

Xabi eta Kristina Solano izango dituzte gonbidatu, gaur gauean, 'Gure Kasa' saioan

EiTB

Telleria anaiekin luze eta zabal ariko dira musikan egin duten ibilbide profesionalaz, eta zuzeneko emanaldia eskainiko dute platoan.

  • Xabi eta Kristina Solano anai-arrebak

    Xabi eta Kristina Solano anai-arrebak. Irudia: EiTB

Xabi eta Kristina Solano neba-arrebak izango dituzte gaur gonbidatu 'Gure Kasa' saioan. Ereñotzun jaio ziren, eta txiki-txikitatik izan dute musikarekiko afizioa. Xabi Etzakit talde mitikoan hasi zen; zortzi urtetan bi disko argitaratu eta 1.000 kontzertutik gora eman zituzten. Gero, Fermin Muguruzarekin aritu zen, eta The Solanos taldea osatu zuen. Duela 12 urte, Esne beltza sortu, eta orain horretan dabil buru-belarri. Gainera, bakarrik ere aritzen da abestiak sortzen. Kristina M-n Ezten eta K.S. taldeetan aritu da, eta azken urteotan plazak alde batera utzi baditu ere, musika irakasle lanetan ari da. Bera izaten da Xabik abesti bat sortzen duenean abesti hori entzuten lehena.

Telleria anaiekin luze eta zabal arituko dira beren ibilbide profesionalaz, eta zuzeneko emanaldia eskainiko dute 'Gure Kasa'ko platoan. Eta abesti bakarra gutxi zenez, bi joko dituzte Xabik eta Kristinak.

Iban Garciak parapentea egingo du, Isma Pereirak jolasean jarriko ditu gonbidatuak, eta Goranek erreportajea grabatu du Kristina Solanorekin musika-eskolan zer lan egiten duen ikusten.

Egunero bezala, 'galdera marroia' egingo diete gonbidatuei. Izerdi hotza botako ote dute solanotarrek galdera horri erantzuteko?

Maddalen Arzallus Xabiren eta Kristinaren sorterrian izan da, Ereñotzun, Hitzen zaindaria atala grabatzen. Nahiara Gagok artxiboa astinduko du, eta gonbidatuen sekretuak agertuko ditu, inork espero ez dituenak. Nolakoak ziren Xabi eta Kristina duela 20 urte? Eurek espero ez dituzten irudi zaharrak erakutsiko dizkigu Nahiarak.

'Gure Kasa' 21:15etik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.