Itxi

Gure Kasa

Gure Kasa

Gure Kasa

22:30ean

Haurrak izango dira "Zuen Kasatik, Gure Kasara" saioko protagonistak, gaur gauean

EiTB

Julen eta Antton Telleriarekin eta Jon Plazaolarekin batera, Gorane txikia arituko da bazterrak nahasten.

0:17
'Zuen Kasatik Gure Kasara' saio berria.

Gaurko "Zuen Kasatik, Gure Kasara" saioan, haurrak izango dira protagonista. Etxeko txikienek konfinamendua zer moduz daramaten erakutsiko dute. Horretarako, Julen eta Antton Telleriarekin eta Jon Plazaolarekin batera, Gorane txikia arituko da bazterrak nahasten.

Haurren egoerari buruz jakiteko, irakasle bat, familia ugari bateko kideak eta guraso izango diren bikote bat elkarrizketatuko dituzte, Julen Telleria eta bere emaztea, hain zuzen ere.

Kolaboratzaileek ere izango dute beraien tartea atal honetan. Jon Garate itzuliko da Garate Kids atal eraberritu batekin, eta haurrak antzerkia egiten jarriko ditu; Marta Elvirak Euskal Herriko balkoien berri emango digu Balkoteoa atalean; Onintza Enbeita bertsotan arituko da, eta Maddalen Arzallus, berriz, kantuan.

Bestalde, Xubane Garairen istorioa ezagutuko dugu. Aste Santuan 18 urte bete ditu, baina bere plan guztiak bertan behera geratu dira koarentenagatik.

Ikusleak ere agertuko dira pantailan. Izan ere, Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako "Txoria txori" abestiaren bertsioak izango dira ikus eta entzungai. Parte hartu nahi duenak gurekasa@eitb.eus helbidera edo 655 28 34 27 WhatsApp zenbakira bidal ditzake bideoak.

Jon Plazaolak, bere aldetik, bideo xelebreak grabatzen eta erakusten segituko du.

"Zuen Kasatik, Gure Kasara" 22:30ean izaten da ikusgai, ostegunetan, ETB1en eta eitb.eus-en.