Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Bosgarren denboraldia abiatuko du 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak gaur
EITB
22:00etan hasiko da denboraldi berria, eta, besteak beste, Abaurregaina, Busturia, Legutio, Zestoa, Itsasu eta Zubieta herrietan izango dira.
Gaur, urriak 7, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa bueltan egongo da atal berriekin. Bosgarren denboraldia izango da honakoa, eta urtea amaitu aurretik 100. atalera iritsiko da.
Denboraldi berria Euskal Herriko herririk garaienean hasiko da, Abaurregainean (Nafarroa). Hurrengo ataletan, ordea, Euskal Herriko puntu desberdinetan kokatutako herriak bisitatuko dituzte; Busturia (Bizkaia), Legutio (Araba), Zestoa (Gipuzkoa), Itsasu (Lapurdi) edo Zubieta (Nafarroa), besteak beste. Zubietako kasua, gainera, berezia izango da, lehen aldiz herrian ospatzen den ekitaldia kanpoan egingo delako, herriko plazan bertan.
Berrikuntza modura, aurten, atal bakoitzean Zuhaitzek eta Pagadik maleta moduko bat izango dute eurekin. Barruan, bisitatu beharreko herriarekin lotutako objektuak izango dituzte. Herriak ezagutzeko tresna eta xelebrekeria iturri izango dira maleta barneko elementuak.
Gainerakoan, ohi bezala, Sebastian Lizaso bertsolaria ere izango dute bidelagun Zuhaitzek eta Pagadik. Ohiko umore, istorio eta egoera xelebreak bueltan izango dira, horrenbestez, urriaren 7an, igandean, 22:00ak aldera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Gaur, Abaurregainan
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak Euskal Herriko herririk garaienean emango dio hasiera bere bosgarren denboraldiari. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Nafarroako Abaurregaina herria bisitatuko dute. 1.048 metroko altueran dagoen herria da, eta Aezkoa eskualdeko herri populatuenetako bat.
Pagadik herriko alkatea, Patxi, ezagutuz hasiko du eguna. Horren eskutik ezagutuko du, besteak beste, Abaurregaineko negua zein luzea eta elurtsua den, azken urteetan egon den baby boom modukoa edota herriko erraldoi bakarren istorioa. Mikel herriaren isolamenduaren ondorio diren egoera bitxi batzuen lekuko ere izango da. Herriz herri eta etxez etxe produktu desberdinak saltzen eta banatzen aritzen diren bi lagun ezagutuko ditugu: haragia eta txerrikiak banatzen dituen Beñat eta ONCEko kupoiak saltzen dituen Pettan. Azkenik, Carlosen kasua ezagutuko du. Emazteak Iruñean lan egiten duenez, aste osoa bertan pasatzen du, eta Carlosi emaztearen loreak zaintzea egokitzen zaio. Pagadik lan horretan lagunduko dio, beste kontu umoretsu batzuen inguruan hitz egiten duten bitartean.
Aldiz, Zuhaitzek helburu argi bat izango du Abaurregainean. Bertan gizarte langile moduan aritzen den Oihanaren bitartez jakingo du herriko medikuak hurrengo diagnostikoa egin zuela: Abaurregaineko jendea triste zegoela. Tristura horri aurre egiteko, ekimen eta ekintza desberdinak jarri ziren martxan herrian, eta medikuaren diagnostikoak hobera egin zuen. Herritarrak triste ala pozik bizi diren ikusteko, Gurrutxagak hiru emakume ezagutuko ditu: Klaudia, Paxkuala eta Leontzia. Adin handiko emakumeak dira hirurak, baina bizipoz ikaragarria dute. Bestetik, Jon Retegi gaztearen bitartez Aezkoan galtzear dagoen aezkera euskalkiaren egoeraren berri izango dugu.