Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Lezon izango da 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa gaur gauean
EiTB
Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Lezoko auzokideak ezagutuko dituzte.
Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Lezon izango dira, Oarsoaldea eskualdean.
Pagadik eta Pilik WhatsApp bidez jasoko dituzte eguneko arrainen argazkiak, eta Garbiñeren arrandegira joango dira, zer erosi erabakita, arrainak WhatsApp bidez saltzeko arrazoia ezagutu ondoren. Ontzioletan lan egindakoa den Enrike Arizagarekin egingo du topo portuan. Ixkulin Elkartera gonbidatuko du, eta San Fermini abestuko diote bertan. Ondoren, Mikel Susperregiren garajean, 'trapujalea' aurkituko du, Jaizkibeldik jaitsi berri; lezoarren goitizen horren inguruan arituko dira. Halaber, Euskal Herri osoan zehar ibili diren Korri, Xalto eta Brinko pailazoen ibilbidea azalduko dio Susperregik. Bukatzeko, Gurutze Santuaren plazako balkoi batean, 10 metroko kartoizko itsasontzia aurkituko du Pagadik, Gentzanek Mendekoste jaietan Zabarre pirataren etorrerarako egina. Gentzaneren parean bizi da Bakarne, eta, batak akordeoiarekin eta besteak panderoarekin, plaza girotuko dute.
Zuhaitzek gosaltzear aurkituko du Juanito Elortza, goizeroko kafea eta ondorengo ardo goxoa falta ez dituela. Bretainian lan egindakoa da Juanito, eta, oraindik ere, askotan joaten da hara. Han, ordea, ostrak gosaltzen ditu, behatzeko termometroak gelditzeko eskatu arte. Juanitorekin gosaldu ostean, Usategieta baserrian ogitartekoa jango du Joakina Gaztelumendirekin, Joakinaren kapritxoa. Joakinaren lurrak Lezon, Oiartzunen eta Irunen banatuta daude, baina bera lezoarra da. Ondoren, Iriarte-Enean izango da Martxel Legorbururekin. Jatetxeko deiak etxean jasotzen ditu Martxelek, eta telefonoa eskegi gabe utzi behar izaten du batzuetan, dei gehiago ez jasotzeko. Horrez gain, jatetxeko kroketak probatzeko aukera izango du Zuhaitzek, baina bezeroek jan ahal dituztenak bakarrik. Fernantxo Intxaurrandietarekin Lezoko Kale Nagusian zehar ibiliko dira. Fernantxo han jaio, hazi eta bizi da.
'Herri Txiki, Infernu Handi' igandero izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.