Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Ubide, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EiTB

Arratia eskualdean, Gorbeia mendiaren magalean, kokatutako herria ezagutzeko aukera izango dugu aste honetako atalean.

0:26
Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga Ubiden,

Gaur, 'Herri Txiki,  Infernu Handi' saioan, Zuhaitzek eta Pagadik Bizkaiko 'lehen herria' eta altuena ezagutuko dute: Ubide.

Pagadik herriko bitxikeriak jakingo ditu Agurtzane Bengoaren eskutik. Herriko eraikinik esanguratsuenak erakutsiko dizkio: Aretxaga jauregia eta Madalena ermita. Kondairaren arabera, Aretxaga familiako senide batek diru mordoa irabazi zuen Amerikan izan zuen negozio bati esker, eta sos horiek jauregia eta ermita eraikitzeko erabili zituen. Jauregiaren kolorea ezaguna egin zen, margolariek "rojo Ubidea" izenarekin etiketatu baitzuten bere garaian. Segidan, billabonatarrak Ubideko elizara egingo du bisita, Itziar Ugarteri esker. Bera arduratzen da elizako kontuez; besteak beste, eliza epeltzeaz, ardoa eta ogia erosteaz, mezetako musika antolatzeaz eta abarrez. Itziar Bilbon bizi da, eta, meza arruntak edo hiletak dauden bakoitzean, Bilbotik Ubidera ordu eta erdiko bidaia egiten du autobusean. 

Hurrengo protagonista Joxan Pagola ezohiko artzaina izango da. Joxanek hamar sasi-ardi ditu, eta ez da gai bereizteko. Horregatik, ardi bakoitzari izena jartzea alferrikako lana iruditzen zaio, eta denei batera deitzen die: "Lolitas". Azken gonbidatuekin aho zabalik geratuko da Pagadi. Ubideko txakurrik ezagunena eta bere jabea ezagutuko ditu: Jennifer Lopez eta Ana Mari. Ana Mariren senarrak goitizenak jartzeko zaletasuna du, eta txakurrari Jennifer Lopez jartzea erabaki zuen.  

Zuhaitzen kasuan, Tornillos izeneko gizon umoretsua ezagutuz hasiko du Ubideko esperientzia. Erreka ertzean topatuko du ura hartzen, gero Ubideko tomaterik onenak ureztatzeko. Behin tomateak dastatuta, Tornillos jaunak Ibarretxe eta Urkullu lehendakariekin izandako pasadizo pertsonalak kontatuko dizkio Gurrutxagari. 

Ondoren, Zuhaitzek argazkiak egiten ikusiko du Antonia Ibargutxi, 86 urteko margolaria. Berak ateratako irudiak erabiltzen ditu adibide modura, gero, zehaztasun handiz, paperean margotzeko. Antoniaren etxe goxotik Ubideko karriketara joango da Gurrutxaga, Miguel Angelekin osteratxoa egiteko asmoz. Ubideko bitasunak izango dituzte hizpide: Madalena eta San Juan auzoak, bi elizak, bi errekak, bi jaiak… Bisita borobiltze aldera, Zuhaitzek Ubideko muga igaroko du Araba aldera, Rufo eta Imanoli esker. Bi lagunen iritziz, Legutio, Otxandio eta Ubide herriak, ofizialki, eskualde ezberdinen parte dira, baina ez dira bertako sentitzen. Horregatik, eskualde berri bat aldarrikatu dute: Motxotegi. 

Horrenbestez, atal gogoangarria izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan.