Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Usurbil, gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Usurbileko auzokideekin arituko dira.
Gaurko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Usurbilen ibiliko dira Zuhaitz eta Pagadi.
Zuhaitz Simona eta Manuel anai-arrebekin elkartuko da Usurbilen; herriaren erdi-erdian dagoen baserrikoak dira, Gaztañagakoak. Garai batean, inguru guztia sagarrondoz beteta zegoen, eta Simonak eta Manuelek sagarrarekin eta sagardoarekin izan duten eta duten loturaz hitz egingo diote. Ondoren, Ainara, Josu eta Inar ezagutuko ditu. Inarrek 7 urte ditu, eta minbizia izan du 5 urterekin. Egun, sendatuta dago. Gurasoek prozesua nolakoa izan den eta nola eraman duten azalduko diote, baita Inarrek nola aurre egin dion ere; izan ere, Inarrek tratamenduan egon den denboran beti eutsi dio lagunekin egon eta jolasteko gogoari. Iban topatuko du kotxe bati helduta eta patinetan. 15 urte zituela hasi zen patinetan ibiltzen, eta ez ditu kentzen. Txakurra paseatzera ateratzen zuenean konturatzen zen txakurrak tiraka eramaten zuela; gobernatzea zaila egiten zitzaion, eta hortik bururatu zitzaion patinak janztea. Egun, esaten du patinetan ibiltzeak abantailak besterik ez duela eta ez dakiela zergatik jendea ez den egunero patinetan ibiltzen.
Pagadik, berriz, Juantxo topatuko du eguneko buelta ematen; goizeko 4:30ean jaikitzen da egunero, eta 7:00etan abiatzen da. Beti buelta bera egiten du, beti toki berberetan egiten ditu geldialdiak; batetik, gozokiak jateko, eta, bestetik, pixa egiteko. Santuene auzoan topatuko du Maribi. Bertan bizi da Maribi; auzoko jaiak santurik gabekoak direla kontatuko digu, eta San Esteban auzora joango dira, bertan jaioa baita. San Estebaneko jaiak bertako ermita ondoan egiten ziren, eta, dantzaldien kasuan, “a lo agarrau” egiten zenean, Santuenera eta beste auzoren batera eramaten omen ziren dantzaldiak. San Esteban ermita oso ezaguna da bi ohituragatik: batetik, San Antonio santuaren azpialdean dagoen olioak kaetxak kendu eta umeei mingainean igurtzita hitz egiteko erraztasuna lortzen zutela esaten da. Bestetik, aldare ondoko harri batean zulo bat dago, eta bertan burua sartuta minak kentzen omen ditu. Milagrosek Kalezar auzoa erakutsiko dio; izan ere, Kalezar auzoa izan zen jatorriz Usurbil. Garai hartan Ciudad Belmonte de Usurbil izena zuen. Auzoa erakutsiko dio. Bukatzeko, Pedro Mari eta Joxe Ramonekin egongo da. Abuztuan egiten duten Baba Beltz Txikiaren kofradiaren bazkariaren berri emango diote. Duela 50 urte hasi ziren, eta, egun horretan bezala, kofradiakide izendatuko dute Pagadi.
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa gaur izango da ikusgai 22:00etan ETB1en eta eitb.eus-en.