Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

22:00etan

Bakaikun izango da 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa gaur gauean

EiTB

Nafarroako Sakana eskualdeko herri xelebre honetako kontu eta istorioak ezagutuko ditugu.

0:28
Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga Bakaikun

Zuhaitzek eta Pagadik Nafarroako Sakana eskualdeko herri xelebre bat ezagutuko dute, gaur gauean, 'Herri Txiki Infernu Handi' saioan: Bakaiku

Zuhaitzek herriko protagonista nagusietako bat ezagutuz hasiko du Bakaikuko abentura. Pedro Migelek kontatuko dio garai batean aldameneko herrikoekin (Iturmendi) nola aritzen ziren harriak elkarri botatzen igande arratsaldeetan. Euskal txapelak duen garrantzia ere esplikatuko dio, eta euskaldun on batek txapela eraman behar duela azalduko dio: el emblema vasco. Segidan, Agustini esker, Bakaikuko ilarrontziak nola egiten diren ikasiko du Zuhaitzek. Euskal herrietako lexiko ugaria ere irakatsiko dio; esate baterako, Iturmendin, kilometro batera dagoen herrian, ilarrontzia esan ordez, untzilatza esaten da. Jexux Zeberiorekin amaituko zaio atsedena Gurrutxagari, ezagutu orduko aizkoran erakutsiko baitio. Indarberritze aldera, gaztainak egingo dituzte danbolinean. Baina ezin Bakaikutik alde egin herriko denda ospetsua ezagutu baino lehen. Kontxi Etxeberria da bertako dendaria, eta Gaztea irratia entzutea gustatzen zaio, baina urteak daramatza seinalea harrapatu ezinda. Biak batera ahaleginduko dira soluzioa topatzen. 

Pagadik traktore gainean topatuko du Torrano, Lute izeneko txakurra aldamenean duela. Baratze ondoko putzu sekretua erakutsiko dio Pagadiri, eta barruan dauzkan espero gabeko produktuak deskubrituko ditu. Herriko berdegune zabal batean, etorkizun handiko kirolari bat entrenatzen ikusiko dugu: June Kintana. Disko jaurtitzailea da bera, Espainiar estatuko txapelduna. Juneren aginduen laguntzaz, Pagadik pare bat saiakera egingo ditu kilo bateko diskoarekin. Bakaiku inguruan ehiza zale mordoa dago, baina Aingeruren kasuan ez da zaletasuna soilik, bere bizimoduaren ardatza da. Basurdeak ehizatzea bakarrik pentsatzen du, eta horren adierazgarri da Pagadiri erakutsiko dion objektu sorta: kamiseta, aire-gozagarria, giltzatakoa… Azkenik, herriko elizara egingo du bisita, Osane Leitzaren eskutik. Bertako abesbatzaren sekretuak jakingo ditu, eta, besteak beste, entsegu osteko askaria dastatuko dute: Moskatela eta pastak. 

Beraz, gaur, gozamen handiko atala izango da ikusgai, 22:00etan hasita, ETB1en eta eitb.eus-en.