Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
"Etxe Txiki, Infernu Handi", denboraldiko momentu onenen errepasoa, gaur
EiTB
Pagadik eta Zuhaitzek beren etxeetatik aurkeztuko dute saioa eta hainbat lagunekin konektatuko dute.
Gaur gaueko "Herri Txiki, Infernu Handi" ere Pagadik eta Zuhaitzek beren etxeetatik aurkeztuko dute. Beste behin, denboraldi honetako eta aurrekoko momentu onenen errepasoa egingo dute, eta protagonisten bideoak ere jasoko dituzte. Horietan, koronabirusak beraien egunerokoa zenbateraino aldatu duen kontatuko digute.
Protagonista horien artean, Mikeli ekarriko dute gogora. Iaz Lesakara egin zuten bisitan, bizipoza zabaltzen zuen Mikelirekin egin zuen topo Zuhaitzek. Bien arteko elkarrizketa ikusiko dugu, eta, ondoren, Mikelik Lesakatik bidalitako bideoan egun hauek nola bizitzen ari den kontatuko digu.
Agoitzen, Maider yoga irakaslea ezagutu zuten, eta, momentu hura berriro ikusi ondoren, itxialdia hobeto pasatzeko bidalitako ariketak ikusiko ditugu. Eta, kirola aipatuta, Bakaikuko Junerekin ere egongo dira berriro. Pagadik berari egindako bisita ikusteaz gain, kirolari profesional batek egun hauek nola pasatzen dituen kontatuko digu.
Baina, aste honetan, Euskal Herritik ere aterako dira. Thailandiarekin egingo dute zuzeneko konexioa bi aurkezleek, bertan baitago aurten Añorgara egindako bisitan ezagutu zuten Lander. Alarma egoera ezarri baino lehenago erabaki zuen Thailandiara joatea, eta bertatik zuzenean bere bizimodua zein den eta koronabirusa bertan nola bizi duten kontatuko die bi aurkezleei.
Aurretik aipatutakoez gain, momentu barregarrienen errepasoa, pertsonaien bideoak eta zuzeneko konexioak izango dira igande honetan "Etxe Txiki, Infernu Handi" saio bereziko osagaiak. 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.