Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Abanto-Zierbenako meatze paisaiak, gaur, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
EITB Media
Besteak beste, Idurre Blanco, Ander Cornejo, Manu Iturregi edota Ander Momoitio bizilagunen eskutik ezagutuko dituzte herriko bazterrak eta bitxikeriak.
Gaur, maiatzak 2, ETB1eko "Herri Txiki, Infernu Handi" programa Enkarterri aldera gerturatuko da Abanto-Zierbena herria ezagutzeko asmoarekin.
Hasteko, Zuhaitz Gurrutxaga Idurre Blancorekin elkartuko da. Sanfuentes auzoan bizi da Idurre, eta hango karrejo edo bolatokian egingo dute topo. Abanto-Zierbenan hain berezkoa duten bolos a katxete aldaeran jokatzen irakatsiko dio aurkezleari eta bere onena emango du Elgoibarkoak. Sanfuentesetik Gallarta aldera egingo du Gurrutxagak, eta han Ander Cornejo ezagutuko du. Jaio eta urtebetera galdu zuen ikusmena Anderrek, eta horrexegatik garatu du entzumena beste zentzumen batzuk baino gehiago. Belarri fin horri esker, makina bat soinu imitatzeko gai da Gallartakoa: garbigailua, zulagailua, pertsiana, belarra ebakitzeko makina... Eta galanta, Abanto-Zierbenako prebentorioko entsegu-lokalean Josune Bediaga eta taldekideek egiten duten soinua ere. Tu Padre en Bolas izeneko punk banda dute, baina berriki taldea utzi du bateria jotzaileak, eta ordezkoaren bila dabiltza. Elgoibarkoak bere burua aurkeztuko du castingera. Eguna borobiltzeko, aurkezleak La Olla plaza eta poteo gunea bisitatuko du Oihana eta Rakeltxuren eskutik.
Mikel Pagadik, aldiz, Manu Iturregi ezagutuko du aurrena. Bibotea eta eskoziar koadroak soinean topatuko du kalean, eta etxera gonbidatuko du whisky-dastatzea egitera. Izan ere, koktel eta whiskyzale amorratua da Manu; folka ere maite du, eta liburu bat baino gehiago dauka bizar eta bibote mota ezberdinen ingurukoa. Bigarrenik, Eder Sagrero izango du solaskide Villabonako aurkezleak. Euskal Herriko Meatzaritza Museoan egiten du lan gazteak, eta Abanto-Zierbenako herritarrak nagusiki meatzariak ziren garaiko gorabeherak kontatuko dizkio Pagadiri. Orduko lanetan ere saiatuko dira, burdin-mea orgatan eskuz kargatuta. Abanto-Zierbenakoen artean aurpegi ezaguna da Jon Lopez; euskaltzalea eta poteatzailea. Konfinamendu garaian eta tabernak itxita egon direnean txikiteroak nola moldatu diren esplikatuko dio Lopezek Pagadiri. Eta amaitzeko, Ander Momoitio suhiltzailearekin palan norgehiagoka ariko da Villabonakoa. Errekuperatzeko, Enkarterrietako bazter honetako izozkirik onena probatzera eramango du Momoitiok aurkezlea: Varona Izozkiak. Nola? Suhiltzaile kamioia hartuta!
"Herri Txiki, Infernu Handi", gaur, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.