Hitzetik hortzera
Bertso Txapelketak
Arabako eta Nafarroako finalaurrekoak, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Aste honetako programan txapelketa hauen finalaurrekoetako bertsoaldiak eskainiko dituzte. Atarrabia, Etxarri Aranatz eta Lesakako saioak batetik, eta Legutio eta Dulantzikoak, bestetik.
Bi urtetik behin ospatzen dira Arabako eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Hainbat kanporaketa izan dira, eta finala besterik ez da falta. Igandeko 'Hitzetik Hortzera'ra bide horretan izan diren finalaurrekoetako bertsoaldiak ekarriko dituzte. Gainera, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan eta martxoaren 30ean Gasteizko Principal antzokian izango diren finaletan kantatuko duten bertsolarien berri emango dute.
Atarrabia, Etxarri Aranatz eta Lesaka
2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako bidean hiru finalaurreko izan dira, Atarrabian, Etxarri Aranatzen eta Lesakan, hurrenez hurren. Hiru saioetako bertsoaldi onenak ekarriko dituzte. Atarrabian kantuan izango dira Aimar Karrika, Eneko Lazkoz, Joana Ziganda, Saats Karasatorre, Sarai Robles eta Xabi Maia. Etxarri Aranazko saioan kantuan entzungo ditugu Diego Riaño, Iban Garro, Iker Gorosterrazu, Julen Zelaieta, Julio Soto eta Xabier Terreros,. Azkenik, Lesakan entzungo ditugu Alazne Untxalo, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Saioa Alkaiza eta Xabat Illarregi.
Legutio eta Dulantzi
2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako bidean bi finalerdi daude, Legution eta Dulantzin. Igandeko programan bi saioetako bertsoaldi onenak ikusiko ditugu. Legution kantuan aritu ziren Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Serapio Lopez eta Xabi Igoa. Dulantzin, berriz, larunbat honetan bertan ariko dira Aroa Arrizubieta, Beñat Garaio, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea, Paula Amilburu eta Rikardo Gonzalez de Durana.
Hori dena igandean, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EiTB Nahieranen.