Hitzetik hortzera
15:00etan
'Argia'ren 100 urteak, bertsolaritzaren begietatik, gaur, 'Hitzetik Hortzera'n
EiTB
Estitxu Eizagirrerekin elkartuko da Eider Perez Lasarte-Oriako erredakzioan, eta Donostian antolatu duten mendeurren festan izango dira.
Euskal astekaririk zaharrenari eskainiko diote aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioa. Bertsolaritzari asko eman dio Argia-k bere hastapenetatik. 60ko hamarkadako Basarriren sail propiotik hasita, hainbat eta hainbat bertsolariren sortak argitaratu dira gaur arte bere orrialdeetan. Txapelketei ere jarraipen bereziak egin izan dizkie, eta bertso saioak beti egon izan dira Argia-k antolatutako ekimenetan; aurten ere hala izan da, eta aldizkariaren mendeurren festan, Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe aritu dira kantuan Donostiako kaleetan zehar, idatzita iritsi zaigun historia 'dekolonizatzen'. Estitxu Eizagirrek hori eta gehiago kontatu dio Eider Perezi Argia-ko erredakziora egindako bisitan, aspaldiko argazkiz eta artikuluz inguratuta.
Bertso sortak, artistek berrinterpretatuta
Atal berri bat estreinatuko dute igande honetan 'Hitzetik Hortzera'n: bertso sortez gozatzeko beste modu bat. Musikariei, dantzariei eta ilustratzaileei hainbat bertso sorta eman, eta bakoitzak bere diziplinatik emango diete forma. Musikariak Araitz Bizkai eta Gari Otamendi dira; ilustratzaileak, Txakur Gorriako Mariñe Arbeo eta Malen Amenabar, eta dantzariak, Lierni Kamio eta Beñat Monfort. Ahotsa Maddalen Arzallusek ipiniko die bertsoei.
Iurretako, Tafallako eta Errenteriako saioetan izandako bertsoaldirik aipagarrienak ekarriko dituzte pantailara, baita agendako zenbait iragarpen eta informazio baliagarri ere. Umorezko esketxak ere izango du bere lekua.
'Hitzetik Hortzera', 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.