Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Gaur, 15:00etan

Igor Elortzaren ibilbidea, "Hitzetik Hortzera"n, denboraldiko azken saioan

EiTB

Durangarrak xehe-xehe kontatu ditu bere hastapenak, plazako irakaspenak eta txapelketako une gogoangarriak.

  • Eider Perez Igor Elortza bertsolariarekin hizketan "Hitzetik Hortzera" saioan

    Eider Perez Igor Elortza bertsolariarekin hizketan "Hitzetik Hortzera" saioan

Denboraldiko azken "Hitzetik Hortzera" saioan, Igor Elortza bertsolariaren ibilbidea errepasatuko dute. Durangarrak xehe-xehe kontatu ditu bere hastapenak, plazako irakaspenak, txapelketako une gogoangarriak... Makina bat plazatan aritu da eta bertsoaldi esanguratsuen bilduma eskainiko dute.

30 urtetik gora igaro dira Igor Elortza Aranoa bertso plazara iritsi zenetik. Bizkaiko finalera sailkatu zen gaztetxo hark hainbat lorpen eta irakaspen pilatu ditu ibilbide oparoan. Zeintzuk izan dira Elortzaren mugarriak? Horiek ezagutuko dituzte, besteak beste, igandeko "Hitzetik Hortzera"n.

Mihi zorrotzeko bertsolaria dugu, kultur munduarekin konprometitua. Musikazalea ere bai, Zazpi Eskale edota Gu Ta Gutarrak proiektuak horren erakusgarri: bere lehenengo plazan irabazitako 1.000 pezetak Hertzainak taldearen diskoa erosteko erabili zituela jakinda, espero zitekeen. 

Ibilbide honetan bidelagun izan dituen pertsona garrantzitsuak ezagutuko ditugu, Jon Lopategi irakaslea edota Unai Iturriaga laguna, kasu: “Nire bizitzako pozik handienetakoak eta lagunik onenetakoak bertsoaren bueltan egin ditut”.  

Bertsolaritzarentzako garrantzitsua izan den belaunaldi bateko partaidea da Elortza: bertso mundua berritu zuten eta, berak dioen bezala, giro onean. Genero ikuspegiari dagokionez, plazaren eraldatze prozesua nola bizi duen jakingo dugu. Bestalde, badira bi urte Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza taldeko kide denetik eta horren inguruan ere galdetuko diote.

30 urteotako bertso bilduma makina bat plazatan kantatu du Igor Elortzak. Izurtzako frontoian kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean. Bertsolariaren une garrantzitsuenetako batzuk ekarriko dituzte pantailara: 16 bertso plazatan ikusiko dugu eta bertsokide izango ditu, besteak beste, Joxe Agirre, Maialen Lujanbio edota Unai Iturriaga.

Igandean, 15:00etan, denboraldiko azken hitzordua "Hitzetik Hortzera"rekin, ETB1en eta eitb.eus-en.