Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

Kubako eta Argentinako inprobisatzaileak, gaurko "HItzetik Hortzera" tartean

EiTB

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira egin zen 2018ko udazkenean, eta bira hura ixteko Donostiako Antzoki Zaharrean egindako emanaldia izango da ikusgai igandean, 15:00etan, ETB1en.

  • 2018an Donostian ospatutako Nazioarteko Inprobisatzaileen Birako irudia

    2018an "Oholtzan" saioan eskainitako Nazioarteko Inprobisatzaileen Birako irudia

Argentinako Araceli Argüello payadorea eta Kubako Tomasita Quiala repentista izan ziren Euskal Herrian 2018ko urriaren 9tik 14ra, astebeteko bira egiten. Hainbat bertsolarirekin elkartu ziren oholtzan, emanalditik emanaldira euskal inprobisatzaileak txandakatzen, eta azken emanaldian Amets Arzallus, Jone Uria eta Julio Soto bertsolariak izan zituzten kantukide; gai-jartzaile eta aurkezle lanetan aritu zen Saroi Jauregi. Donostiako Antzoki Zaharrean izan zen emanaldi hura, eta orduko emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu gaur, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en, "Hitzetik Hortzera"ren tartean.

Askotariko ariketak entzuteko aukera izango dugu: bertsolaritzaren, payadaren eta repentismoaren hitz jolasak uztartzearen emaitza. Esate baterako, gogoratzekoa da Tomasita Quialak Antzoki Zaharreko ikus-entzuleak lanean jarri eta pie forzado edo oin behartua ariketa egin zuenekoa.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak antolatutako ekimena izan zen Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, lekuan lekuko erakundeekin batera. Ekimen honen helburua munduko beste kultura eta hizkuntzetako kantu inprobisatuak ezagutzea eta elkarrengandik ikastea izan zen; eta horretarako aukera eskainiko digu asteburuko telebista eskaintzak.