Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Asteburu honetan

Eskolatik Plazara ekimena, "Hitzetik Hortzera" saioan

EITB MEDIA

Eskolarteko Txapelketako finalistekin eta plazaz plaza dabiltzan bertsolariekin antolatutako saioetan jarriko du fokua saioak.

  • Aner Peritz, Irantzu Idoae eta Haira Aizpurua. Argazkia: Bertsozale Elkartea

    Aner Peritz, Irantzu Idoae eta Haira Aizpurua. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Iazko Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa amaitu gabe geratu zen pandemiaren ondorioz, eta, hori dela eta, finalistak eta plazaz plaza dabiltzan bertsolari nagusiagoak elkartuta, saio bereziak antolatu dira. Saio horietako bertsoaldiak eta bizipenak ezagutuko dituzte aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan.

Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak hiru saio antolatu dituzte elkarlanean urte hasiera honetan: Gernika-Lumon, Iruñean eta Altzon. Esan bezala, iazko Eskolarteko Txapelketako finalista gazteek gaur egun plazaz plaza dabiltzan bertsolari arituagoekin kantatzeko aukera izan dute.

Aurreneko saioan, Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga gazteekin batera, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan. Bigarren saioan, Iruñekoan, Aitor Ugarte, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain eta Eukene De Los Aires bertsolarien txanda izan zen, eta Alaia Martin eta Julio Soto aritu ziren horiekin. Azken saioa Altzon izan zen, eta, kasu honetan, Aner Peritz, Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate izan ziren protagonistak, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin batera.

Horrez gain, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa antolatzen urte luzez aritu diren Juanjo Respaldizarekin eta Mikel Mendizabalekin elkartuko dira. Urte horietan guztietan, milaka bat-bateko zein idatzizko bertso berri entzun dituzte gaztetxoen ahotik, eta zer kontatua izango dute gaztetxoen eta eskolartekoen inguruan.

Bertsoaldi kuttuna

Aste honetan, Leire Garatxena Gernikako Lilibertso bertso-eskolako kidearen bertsoaldi kuttuna ezagutuko dute. Txapelketa Nagusiko bertsoaldi bat ekarriko dute gogora berarekin; hain zuzen ere, Sustrai Colinak 2013ko txapelketan Maule-Lextarren kantatutakoa.

"Hitzetik Hortzera" larunbatean, 21:00etan, eta igandean, 15:00etan, izaten da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, eta noiznahi EITB Nahieran atarian.