Itxi

Irabazi arte

Irabazi arte

Irabazi arte

Estreinaldia

"Irabazi Arte!" fikziozko telesail berria, ostiralero, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Ikus-entzunezko proposamen berri honek nesken futbol talde bat du oinarri nagusi, eta EITBrentzat oso garrantzitsuak diren gai eta balioak jorratuko ditu, hala nola, emakumeak kirolean, elkartasuna eta adiskidetasuna.

0:51

"Irabazi Arte!" haur eta gazteentzako fikziozko telesaila estreinatu berri du EITBk. Telesailak emakumezkoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituzte; hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak islatuko dituzte.

Aski ezaguna den "Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak EITBrentzat sortutako proiektu berria da "Irabazi Arte", Javier Garcia de Vicuñaren zuzendaritzapean, eta ostiralero da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Euskadin erreferente izatea eta publiko berriarentzat erakargarriak diren entretenimendu proiektuak gauzatzea da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. Zerbitzu publiko izaera uztartuz, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustuarekin bat egin du EITBk, gazteei eta publiko familiarrari zuzendutako euskarazko fikzio honen garapenean. Horrekin batera, sorreratik bere gain hartu duen funtzio soziala betetzea ere funtsezkoa du EITBk.

Futbol taldearen entrenamendua

Futbol taldearen entrenamendua

Sinopsia

Arene (Sua Enparantza) bere familiarekin Bartzelonatik Learora bizitzera etorriko den nerabe bat da. Une horretatik aurrera, bizitza berri batera egokitu beharko du. Aitonarekin bizitzen ikasi beharko du eta lagun berriak ere egin beharko ditu. Baina, batez ere, Arenek denen aurreiritzien aurka kementsu borrokatu beharko du emakumezkoen futbol talde bat sortu ahal izateko, herrian inoiz izan den lehenbizikoa.

Pertsonaia nagusiak

Telesailean aktore lanetan ibiliko dira, gazteen roletan, Sua Enparantza, Ane Iturrate, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ainhoa Azpitarte, Joana Garitano Arzak, Aritz Basterra, Ibai Ugarte eta Ander Rovira. Bestalde, helduen paperak egingo dituzte Jose Ramon Soroizek, Iker Galartzak, Alvaro Garayaldek, Patricia Urrutiak, Tessa Andonegik, Eriz Alberdik eta Iñigo Larrinaga.

Arene (Sua Enparantza). Arreta deitzea gustatzen ez zaion arren, Areneren nortasunak eta karismak beti jartzen dute besteen begiradapean. Bere adoreak eta futbolera jokatzeko duen nahiak lagun berriak ezagutzera eta lehen maitasuna bizitzera eramango dute.

Nora (Nahia Sillero). Oso azkarra da, pentsamendu arina dauka eta mihia oraindik arinagoa. Gurasoak dibortzio prozesuan daude, nahiz eta berak aita eta ama berriz elkartuko diren itxaropena izan.

Itsaso (Ane Garmendia). Klubeko presidentearen alaba da, baina aitak Itsasoren nebarengan du itxaropena jarrita: aitarentzat, Amets izango da futbolaren etorkizuneko izarra. Bi anai-arreben artean ezberdintasunak egiteak haserretzen du Itsaso, eta laster topatuko du mendekua hartzeko aukera, futbolean.

Leire (Ane Iturrate). Lau neba nagusi ditu eta bera, txikiena izanda, futbolera ondo jokatzen ikasi du. Pertsona ona da, azkarra eta umore onez aurre egiten dio bizitzari.

Taldeko neskak eta entrenatzailea

Taldeko neskak eta entrenatzailea

Olatz (Ainhoa Azpitarte). Ez da ondo egokitu bere inguru eta eskolara. Zakarra eta mesfidatia da. Amak beharko du futbol taldean izena ematera.

Ignacio Larrañaga Larra (Iker Galartza). Mutilen futbol taldeko entrenatzailea da eta derrigortuta hartuko du nesken taldea zuzentzeko ardura. Futbolaren antzinako ikuspegia dauka, mutilen kirola dela uste du, eta umore txarra eta jokaera matxista eta zakarra ditu.

Aitona (Jose Ramon Soroiz). Gizon lasaia eta pragmatikoa da, eta Peiorentzat laguntza handia izango da bere alaben heziketan. Izan ere, bilobekin oso ondo moldatzen da.

Peio (Alvaro Garayalde). Bere lana utzi eta Learora itzuli ondoren, alabekin denbora gehiago igarotzeko beharra sentituko du eta bere aitaren etxera itzuliko da laguntza eske. Alabekin duen harremana hobetzeko ahaleginak egingo ditu.

Lili (Joana Garitano Arzak). Areneren ahizpa txikia da, 11 urte ditu. Gauzak esaterako orduan ez du filtrorik eta heldutasun handiarekin jokatzen du. Ez dirudi umetxo bat, neska nagusi bat baizik.

Areneren familia

Areneren familia

Amets (Ibai Ugarte). Itsasoren neba, beti izan da futbolzale amorratua. Baina jokalari moduan ez da oso ona. Bere aita da klubeko presidentea eta semearentzat planak ditu etorkizunerako, harengan presio handia eraginez.

Jon (Aritz Basterra). Mutilen taldeko jokalaria da. Futbola da bere pasioa, baina ondo pasatzea eta dibertitzea nahiago du kirolean gogor aritu baino.

Gorka (Ander Rovira). Amets eta Jonen lagun mina da. Futbol taldean atezaina.

Musika eta eduki digitalak

Musikak garrantzia berezia izango du telesailean. Alde batetik, Chill Mafia kolektibo nafarreko Irenek, Kiliki Freskok eta Suneok egin dute karetako abestia. Bestetik, egungo euskal talde garrantzitsuenetako batzuen musikaz jantzi da ekoizpena: lehen atalean, esaterako, ZETAK, Bengo eta Omago taldeen abestiak entzungo dira, Oso Polita diskoetxearen eskutik.

ETB1en eta eitb.eus-en ez ezik, EITBko Youtube kanalean eta "Go!azen!"en appan ere izango da telesaila ikusgai. Appan, gainera, telesaileko edukiek toki berezia izango dute. Gainera, Arene protagonistak eta bere lagunek podcast bat eskainiko dute astero EITBPodkast atarian, hirugarren atalaren telebistako emanalditik aurrera. Bestalde, ikus-entzunezkoaren eskaintza digitala borobiltzeko, webean eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) telesailaren eduki esklusiboak, aurrerapenak eta jarraitzaileei zuzendutako erronkak izango dituzte.

"Go!azen"ek hasitako bideari segida eman

"Irabazi Arte!" telesail berriak "Go!azen" fenomenoaren jarraipena izan nahi du. Gazteei zuzendutako telesailak zazpi denboraldi arrakastatsu izan ditu eta amaitu berri den azkeneko edizioak inoizko audientziarik onena lortu du. Bataz beste, % 6,2ko audientzia-zatia eta euskaldunen artean % 14,7ko kuota lortu ditu, eta astero, 100.000 ikus-entzule bat egin dute emanaldiarekin Euskadin eta eragin eremuan. Halaber, 4-12 urte bitarteko umeen artean liderra da % 35,3ko audientzia-zatiarekin.

Bestalde Basakabiko nerabeen abenturek telebistako pantailaren esparrua gainditu dute, eta etengabe eboluzionatzen dabilen egitasmo transmedia garrantzitsua bilakatu da. Fikzioaren sortzaileek jarraitzaileekin elkar eragite zuzena bilatzen dute. 

Jarraitu "Irabazi Arte" sare sozialetan

TikTok: @irabazi_arte

Instagram: @irabazi_arte, @arene_irabaziarte