Irabazi arte
Audientziak
"Irabazi Arte!" fikziozko telesail berriaren estreinaldi arrakastatsua ETB1en
EITB Media
Telesailak euskaldunen artean lidergoa eta etxeko txikienen harrera ezin hobea lortu ditu: % 42,9ko audientzia-zatia izan du 4 eta 12 urte bitarteko haurren artean, eta % 45,9ko kuota, 13 eta 24 urteko gazteen adin tartean.
-
"Irabazi Arte!" telesailaren aurrestreinaldia Lazkaon.
ETB1ek audientzia arrakasta handia lortu du "Irabazi Arte!" fikziozko telesail berriaren estreinaldiarekin. Lehen atalak % 6,6ko audientzia-zatia eskuratu du eta euskaldunen artean audientzia-buru izan da % 17,5eko kuotarekin. Haur eta gazteei zuzendutako euskarazko fikzio berriak publikoaren harrera ezin hobea lortu du, adin tarte gazteenen artean erabateko liderra bilakatuz: 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean % 42,9ko audientzia-zatia lortu du, eta 13 eta 24 urte bitarteko gazteen artean berriz, % 45,9ko kuota.
"Irabazi Arte!" telesailak emakumezkoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituzte; hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak islatuko dituzte.
Aski ezaguna den "Go!azen"en arrakastak sustatuta, Pausoka ekoiztetxeak EITBrentzat sortutako proiektu berria da "Irabazi Arte", eta ostiralero da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Javier Garcia de Vicuñaren zuzendaritzapean, Sua Enparantza, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ane Iturrate, Ainhoa Azpitarte, Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz dira aktore nagusiak, besteak beste.
Euskadin erreferente izatea eta publiko berriarentzat erakargarriak diren entretenimendu proiektuak gauzatzea da EITB ikus-entzunezko taldearen helburua. Zerbitzu publiko izaera uztartuz, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenaren aldeko apustuarekin bat egin du EITBk, gazteei eta publiko familiarrari zuzendutako euskarazko fikzio honen garapenean. Horrekin batera, sorreratik bere gain hartu duen funtzio soziala betetzea ere funtsezkoa du EITBk.