Itxi

Katebegia

Katebegia

Katebegia

22:30ean

Intsumisioa izango dute hizpide gaur gauean 'Katebegia' saioan

EiTB

Duela 30 urte publikoki agertu ziren intsumisoekin arituko da Irati Sarasua.

0:00
Intsumisioaz arituko dira

Lehenengo intsumisoak duela 30 urte agertu ziren publikoki. Gaur gauean, denboran atzera egin, eta oihartzun handia sortu zuen intsumisio mugimendu horri buruzko 'Katebegia' saio berezia eskainiko du Irati Sarasuak. Kultura munduan ezagunak diren hainbat pertsonarekin arituko dira; Kirmen Uribe, Jon Sarasua eta Mikel Kazalisekin, besteak beste.

New Yorkera salto egin, eta Kirmen Uriberekin hitz egingo dute. Umorez kontatzen du intsumiso izan zen garai hura. Bi aldiz egon da espetxean, eta soldaduska bukatu bitartean edozer egiteko prest zeudela erakutsi zutela dio.

Oskorriren 'Intsumiso egin naiz' abesti ezagunaren hitzen sortzailea da Jon Sarasua bertsolaria, eta bera ere intsumisoa izan zen. Epaitu egin zuten, baina ez zuten espetxeratu. Epaiketa koloretsua izan zuen, modu poetiko batean aldarrikatu zuelako bere erabakia, baina nabarmendu du ez dela norbanakoen historia, mugimendu batena baizik.

Mikel Kazalisek, Mikel Anestesia izenarekin ezaguna den musikariak, badu inoiz ahaztuko ez duen kontzertu bat: Negu Gorriak taldearekin Donostiako Auzitegiaren aurrean bera epaitu zuten egunean eskaini zuena. Kontzertu 'basati pirata' bat izan zela dio, eta epaitegiaren kanpoaldean epailearen aurrean esandako gauza bera adierazi zuela.

Jexux Artola frantziskotarra ere buru-belarri ibili zen intsumisio mugimenduan sartuta. Berak fedea izan zuen oinarri intsumiso egiteko erabakia hartu zuenean, eta mugimendu zabala zela azalduko du.

Ikastolen lehenengo irakasleetako bat izateaz gainera, intsumiso baten ama ere bada Kontxita Beitia. Horren esanetan, semea jaio zen unetik bertatik izan zuen argi haur hori ezin zela soldaduskara joan.

Arratiako bi intsumisorekin, Unai Bengoetxearekin eta Atxio Burgoarekin, ere izango da astearteko 'Katebegia'. Hirugarren graduan izan ziren, eta Basauriko espetxera egiten zuten bidea erakutsiko digute.

Horrez gain, Roge Blasco kazetariak mugimenduak musikan izan zuen eragina aztertuko du, eta Juan Carlos Goienetxea Eudima Euskal Udalerri Intsumisoen Mankomunitateko presidenteak alkate eta zinegotziek izan zuten jarreraz hitz egingo du.

'Katebegia' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.