Natura Bizia
22:30ean
"Natura Bizia" dokumentala, astearteetan, Alberto Iñurrategiren eskutik
EITB Media
Lexeia Larrañagak sortu eta zuzendu du euskal biodibertsitatea ardatz duen zortzi ataleko ikus-entzunezkoa. Gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetako batzuk ezagutzera gonbidatuko gaitu astearte gauero, espezialista onenen eskutik, ETB1en eta eitb.eus-en.
-
Alberto Iñurrategi mendizalea, "Natura Bizia" dokumental sailaren aurkezlea. Argazkia: EITB Media
"Natura Bizia" euskal biodibertsitatea ardatz duen zortzi ataleko dokumental saila estreinatu da uztailaren 13an ETB1en eta eitb.eus-en. Lexeia Larrañagak sortu eta zuzendutako ikus-entzunezko proiektua dugu eta Alberto Iñurrategik egingo ditu gidari lanak. Aretxabaletako mendizalearen eskutik, gure ondare naturaleko txoko eta izaki harrigarrienetako batzuk ezagutuko ditugu. Euskadiko eta Nafarroako eremu geografikoetan lanean diharduten espezialista onenen laguntza izango du horretarako.
Avis Productions Nature Films ekoiztetxeek sortutako lana proiektu zabal baten parte da, joan den apirilean estreinatutako Natura Bizia filmarekin hasitakoa. Biek ala biek EITB ikus-entzunezko taldearen parte hartzea izan dute. Gainera, proiektuari lotutako ekimen berezi bat jarri du martxan EITBLab ideia eta eduki berrien laborategiak. "Natura Bizia"ren eduki digital bereziak zabalduko dira sareetan, gazteei zuzenduta.
EITB Mediak eskaintzen dituen edukien garapen digitalaren bitartez, belaunaldi gazteak erakartzea du helburu EITBLab-en egitasmoak. Youtuben eta Twiterren ikusi ahal izango diren bideo hauek saioaren beste ikuspuntu bat erakutsiko digute.
Kantauri itsasoko ur hotzetatik Pirinioetako mendi tontor babesgabeetara bidaia zoragarria
Itsaslabar malkartsuak, itsaso amaigabea, magiaz beteriko basoak, kareharrizko mendi altuak… horiek guztiek izango dute lekua "Natura Bizia" dokumental sailean. Munduko zetazeo handienen artean egingo dute igeri, hartz arrearen lozorroaren ondorengo lehen pausoez disfrutatuko dute, eta mendietako hegazti ospetsuena den ugatzaren alboan egingo dute hegan. Gertutik biziko dituzte Europako tximeleta ederrenaren metamorfosia eta baita bisoi europarraren eguneroko momentu berezienetako batzuk ere. Basamortua, leku hutsa eta bizitza gabekoa dela iruditu arren, planetako ekosistema aberatsenetako bat dela ere erakutsiko dute.
Alberto Iñurrategi dokumental sailaren grabazioan
Zortzi ataletan zehar, ikus-entzunezko lan honek Euskal Herriko inguru natural harrigarrienak aztertuko ditu. Kantauri itsasoko ur hotzetatik Pirinioetako mendi tontor babesgabeetara, gure fauna beren egoera basatian ikusiko dute, biodibertsitatea zaintzeko borrokan ari direnak ezagutuko dituzte eta inguratzen gaituen mundu naturalaren bihotzean barneratuko dira.
Pirinioak: mehatxatutako ingurua
Gure habitatean barrena egingo duten bidaia Pirinioetan hasiko dute. 170 kilometro naturaz gainezka. Ehun urteko basoen babeslekua eta hartz arrea, sarrioa edo ugatza bezalako animalia liluragarrien habitata. Hiru Erregeen Mahaitik Larrungo gailurreraino, Pirinioetako haranetan habitat emankorrak eta askotarikoak daude, bizitzaz eta kolorez beteak. Hala ere, itxuraz indarra badu ere, ekosistema hauskorra eta delikatua da. Presio demografikoak, tenperaturen igoerak edo itsas mailaren etengabeko igoerak aldaketa itzulezinak eragiten ari dira planeta osoan. Ingurune naturaleko adituek aldaketa horiek Pirinioetako espezie enblematikoenetan nola eragiten duten azalduko digute.