sautrela
Literatura, ETB1en
Juan Gorostidirekin elkarrizketa, 15:00etan, 'Sautrela' saioan
A.A. | EiTB
Natalia Ginzburg idazle italiarraren jaiotzaren mendeurrena gogoratuko dute erreportajean, eta Jon Aranoren Malezia sorta liburuaz ere arituko dira.
Juan Gorostidi orain arte Lau kantari: Beñat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal, Ruper Ordorika liburuagatik genuen ezagun, musikari eta musikazaleek aski preziatzen duten liburua. Orain beste saiakera batekin etorri zaigu, Zazpigarren heriotza-rekin, baina kasu honetan gai politiko eta sozialak jorratzen ditu gehiago. Gure herriaren azkeneko hamarkadetako historiari begira jarri da oraingoan Gorostidi: bortxa, borroka, aldaketa sozialak... Bizipen pertsonalak eta analisi teorikoagoak gurutzatuz, liburu mardul eta landua eskaini du, dagoeneko zeresan dezente eman duena. Bere gaztetako Errenteriako borrokak, Lemoiz, Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia, borroka armatua, esperientzia autonomoa eta haren porrota landu ditu, besteak beste, begirada kritiko eta zorrotzez. Historiari begiratze hori, baina, egungo egoerarekin eta etorkizunarekin lotu du, iragana orain ere ageri baitzaigu nolabait. Gorostidirekin izango da, bada, aste honetako 'Sautrela'ko elkarrizketa.
Bestetik, urteurren bati erreparatuko diote erreportajean. Ehun urte bete dira Natalia Ginzburg jaio zela, eta horren harira, idazle italiar handiari so ipiniko dira. Garaiko idazle italiar gorenetakoa dugu, nahiz eta akaso beste idazle batzuen aldean (Cesare Pavese, Eugenio Montale eta abar) ez den hain ezaguna. Euskarara hiru liburu ditu itzuliak, Hirira doan bidea eta Arratseko ahotsak Pello Lizarraldek itzuliak, eta Gure etxeko gauzak Fernando Reyk euskaratua. Bi itzultzaileokin mintzatu dira hain justu Ginzburgen soslaia literarioa eman diezaguten.
Juan Luis Zabalak Jon Aranoren poema liburu bat komentatuko du. Bere bigarren liburua izan zen Malezia sorta, 1990. urtean argitaratu zuena Susa argitaletxearekin. Poeta berezi eta bakana da Arano gurean dudarik gabe, sobera publikatu gabe bere lekutxo propioa egin duena.
Hori guztia, ohiko legez, gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
/strong>