Itxi

sautrela

15:00etan

Xabier Mendiguren idazleari elkarrizketa, gaur, 'Sautrela'n

EITB

Gainera, John Berger idazle zenduaren ibilbideaz eta Hika Teatroaren Koadernoa zuri antzerkiaz arituko dira.

3:11

Euskal literaturan pertsona aski esanguratsua da Xabier Mendiguren. Idazle oparoa ez ezik, Elkar argitaletxeko editorea da, eta oraingoan duela hilabete batzuk argitaratutako azken nobelaren karietara gonbidatu dute 'Sautrela'ra.

2016. urtearen hondarrean plazaratu zuen Mendigurenek Alsina, nobela aski berezia bere sormen prozesuari dagokionez, Mendiguren berak ondo kontatuko duen moduan. Bi istorio gurutzatzen ditu kontakizunak. Batak Alsina izeneko protagonistaren eta bere familiaren ingurukoak narratzen ditu, 36ko gerratik aurrerakoak. Besteak bi politikariren solasaldi bat du erdigunean, zeinak euskal gatazkaren 80ko hamarkadako kontuak dituen mintzagai. Nobelaren nondik norakoez, bertan jorratzen diren gaiez zein obra idazteko formaz eta idazkeraz hitz egingo du Mendigurenek larunbat honetan.

Erreportajean idazle zendu berri bat eta haren obra ekarriko dute gogora. Urtearen hastapenarekin joan zitzaigun John Berger, eta haren soslaia emango dute Ixiar Rozasek eta Hasier Rekondok. Idazle bakana izan da Berger, sormenaren ertz ugari kurritu dituena, eta fikziogile gisa ez ezik saiakeren idazkuntzan nabarmendu da, batez ere arteari buruzkoetan. Gainera, esango genuke euskal literaturan aski estimatua izan den autorea dela, aste honetako erreportajean azalduko den gisara.

Jaime Valverde etorriko da saioaren bukaeran, kasu honetan Hika Teatroa konpainiak taularatutako Koadernoa zuri antzerki-lanaz mintzatzera. Arantxa Iturbek idatziriko obra honek —berriki nobela gisa ere plazaratua— herri txiki bateko familia itogarri baten istorioa kontatzen du. Obraren ezaugarri eta berezitasunez solastatuko da Valverde antzerkigintzari eskainiriko tartean. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango dituzte.

'Sautrela' larunbat honetan izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.