SOS kantak arriskuan
22:00etatik aurrera
"Neskazaharrari" izeneko abestiari jarraika ibiliko dira, gaur gauean, "SOS Kantak Arriskuan" saioan
EITB Media
Klara Mendizabal, Iker Lauroba eta Lide Hernando Errenteriara joango dira 1902. urteko kantu galdu horren bila.
Igande honetako "SOS Kantak Arriskuan" saioan Klara Mendizabal, Iker Lauroba eta Lide Hernando Errenteriara joango dira 1902ko "Neskazaharrari" kantua errekuperatzeko asmoz. Garai hartan, Ibaizabal aldizkariak bertsolari ezezagunentzat sariketa bat antolatu zuen "neska zaharrak" gaia jarrita. Enrike Elizetxea bertsolari errenteriarrak emakumeekiko bertso iraingarri batzuk bota zituen saria irabaziz.
Egun batzuetara, Joxepa Antonik, Xenpelar bertsolariaren ilobak, gutun bat bidali zion lagun zuen Enrikeri, bertsoei zorrozki erantzunez. Izan ere, bertsolari trebea izateaz gain, Joxepa Antoni neskazaharra zen. Damututa, Enrikek Joxeparen erantzun-bertsoa Ibaizabalera bidali zuen argitaratzera, aurretik "lagun zituen neskazahar guztiei" barkamena eskatuz.
Klara, Lide eta Iker Errenteriako herritarrekin arituko dira kantuaren nondik norakoak aztertzen. Horrez gainera, Jon Maya dantzaria, Mikel Markez musikaria eta Elixabete Perez Gaztelu euskaltzain urgazlea izango dituzte lagun.
"SOS Kantak Arriskuan" gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.