Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Birziklatzeaz, aste honetan, 'Teknopolis' saioan
A.E.
EiTB
Ingurumenari begiratuko diote aste honetan "Teknopolis" saioan. Birziklatze sistema berritzaileak erakutsiko dituzte. Larunbatean, 11:00etan, dago ikusgai ETB1en, eta igandean, 09:30ean, ETB2n.
Aste honetan ingurumenari begiratuko diote "Teknopolis"en. Haren zainketarako birziklatzea ezinbestekoa da. Erabiltzen eta botatzen diren materialak eraldatu eta berrerabiltzeko moduak bilatzea da helburua. Birziklatze sistema berritzaileak erakutsiko dituzte.
Sukaldeko olioa erregai bilakatzeaz arituko dira lehen erreportajean. Zer egiten da sukaldean erabiltzen den olioarekin? Askok birziklatzera eramango dute, baina beste askok, ordea, arraskatik behera botako dute, eta horrek ingurugiroan kalte ikaragarriak eragiten ditu. Olio erabiliarekin dabilen galdara bat erakutsiko dute erreportajean. Merkatuan dagoen bakarra da eta Gasteizen garatu dute.
Sarean tartean, Euskalnatura weba izango dute hizpide. Euskalnatura webgunea elikatzeaz arduratzen diren zientzialariek euren webgunea eta burutzen dituzten ekintzak aurkeztuko dituzte.
Neumatikoak birziklatzeari ere erreparatuko diote saio honetan. Ingeniariak dira, eta motozaleak. Egiten dituzten irteera horietako batean, neumatiko zaharrekin beste zerbait ere egin zezaketela pentsatu zuten. Andaluziarako joan-etorrian izandako ideia hura, enpresa da gaur egun. Istorioa kontatuko dute.
Azkenik, 15 urte tartean ere birziklatzearen esparruan emandako aurrerapenak erakutsiko dituzte. Nahi eta komeni dena baino gutxiago seguruen, baina azken hamabost urteotan birziklatzean asko aurreratu da.
"Teknopolis" larunbatean, 11:00etan, dago ikusgai ETB1en, eta igandean, 09:30ean, ETB2n.