Ur Handitan
ETB1, 22:30
Tradizioari eutsiz etorkizuna nola berrasmatu, gaurko 'Ur Handitan' saioan
A.A.| EiTB
'Jauzia ezezagunerantz' erreportajeko protagonistak iraganean oinarritu dira beren bizimodua gaur egunera ekartzeko.
Tradizioa. Iragana. Askok nahiago dute atzean utzi eta etorkizunera begira jarri. Badira, ordea, tradizioari eutsiz etorkizuna berrasmatu dutenak. 'Ur Handitan' saioko aste honetako protagonistak iraganean oinarritu dira beren bizimodua gaur egunera ekartzeko. Tradizioari etorkizuna ematea dute helburu, eta musikaz, dantzaz eta kulturaz baliatu dira hori lortzeko. Horrelako apustuek ez dute beti ingurukoen babesa jaso, baina, zailtasunak zailtasun, gaur egun ospea eta arrakasta lortu dute. Ezezagunerantz egin zuten jauzi hark bizitza aldatu die.
Kukai dantza taldeak Espainiako Dantza Sari Nazionala irabazi berri du. Errenteriako dantza garaikideko taldea ezagun egin da azken urteotan lortu duen arrakastagatik. Inoren laguntzarik jaso gabe jarri zuen Jon Maya dantzariak proiektua martxan; dantza tradizionala eta garaikidea uztartzea helburu zuen proiektua, alegia. Bere ametsak betetzen ari da, eta horren atzean dauden ahalegina eta ilusioa erakutsiko dizkigu.
Oreka TX-ren lehenengo urratsak kalean izan ziren. Euskal Herriko hainbat herritan ezagutarazi zuten horrenbeste maitemindu zituen instrumentu tradizionala: egurrezko txalaparta. Taldeak 20 urte bete ditu aurten, eta harro daude munduan barrena beren ogibidea erakusteko aukera izan dutelako. Txalaparta ez dute musika-tresna huts gisa ikusten: beren bizimodua da. Gaur egun, Harkaitzek, Mikelek eta Igorrek bezala, egurrezko txalapartak ere eboluzioa izan du. Izotzezko instrumentua jo zutenean klimaxa lortu zutela aitortu dute. Tradizioa lagun izan dute kaleratutako 3 diskoetan, baina egunero bizi dira berrasmatze prozesuan murgildurik.
Albaola Itsas Kultur Faktoria Pasai San Pedron kokatutako altxorra da. Munduan lehen aldiz, bertan ari dira era tradizionalean eta eskuz baleontzi bat eraikitzen: XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika. Garai hartan zortzi hilabetean amaituko zuten lana egiteko sei urte beharko dituzte. Bi urte barru itsasoratuko dute, eta Ternuara bidaia egingo dute ondoren. Gure historiaren iraganean eta identitatean oinarritzen den faktoria hau museoa ere bada. Milaka lagun izan dira jada baleontziaren prozesuaren lekuko.
Aneguria La Kieta, Ane San Miguel durangarraren alter egoa da. Raparen, hip hoparen eta bertsolaritzaren artean mugitzen den abeslaria da. Oraingoz, ezin da musikatik bizi, baina oraindik orain irabazi du Banden Lehia lehiaketaren finala Bilborock aretoan. Hori dela eta, Aneguriak 2018ko BBK Live eta Bartzelonako EH Sona jaialdietan joko du, eta diskoa kaleratuko du Baga Biga diskoetxearekin. Borrokan jarraituko du, beraz.
Behin ezezagunerantz jauzia egin zutenen istorioak, gaur gauean, 22:30ean, ETB1en.
TB1en.