Ur Handitan
22:30ean
'Dolarearen 0 Gunea', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
A.E.|EiTB
Sagardogileek txotx garaiak hartu duen norabideaz iritzia emango dute aste honetako saioan.
Sagardoa izango dute hizpide gaur 'Ur Handitan' saioan. Adituen ustez, Euskal Herriko edari nazionala. 2.000 urtetik gora ditu, eta Euskal Herriko historian eta kulturan pisu handia. Urtero, garai honetan, boom handia bizi du, baina nolakoa da sagardotegi baten eguneroko bizitza? Zein iritzi dute sagardogileek azken urteotan txotx garaiak hartu duen norabideaz?
Gurutzeta sagardotegia lau belaunaldiz izan da Goñi familiaren bizibide, eta Goñi familiaren egunerokotasuna ikusi ahal izango da 'Ur Handitan' saioan. Joxe Goñik 90 urte beteko ditu aurten, eta sagardoak eta sagardotegiek bizi izan duten bilakaera inork baino hobeto ezagutzen du. Urteetan zehar sagardogintzari buruz ikasitako sekretu guztiak Joxe Angel semeari pasatu dizkio, eta gaur egun Joxe Angel arduratzen da Gurutzeta sagardotegia gidatzeaz. Transmisioan ez dute etenik nahi, eta familiako belaunaldi gazteena aurten hasi da lanean. Odile Bourguignonek 18 urte bete berri ditu, eta Joxe Goñiren iloba da. Aurten estreinakoz ari da sagardotegian lanean.
Unai Agirre hernaniarra, berriz, Euskal Sagardoa Jatorrizko Izendapenaren koordinatzailea da, eta sagardoaren garrantziaz eta erronkaz arituko da saioan. Arantza Eguzkitzak ere badaki hortik zerbait. Zortzi urtez izan zen Sagardogile Elkarteko presidentea, lehen emakumezkoa. Emakumeak sagardogintzan izan duen presentziaz gogoeta interesgarriak egin ditu Eguzkitzak.
Jakoba Errekondok, azkenik, sagarraren eta sagardoaren kultura aldarrikatu ditu. "Euskaldunak sagardoa gara", dio Errekondok, edari horrek gure historian izan duen garrantziaz ohartarazteko. Txotx garaiaren boom-a, berriz, bi hitzekin definitzen du: "Txotx motz". Alegia, sagardogintzaren etorkizuna beste bide batzuetatik joan beharko litzatekeela uste du.
Iritziak iritzi, beraz, sagardoaren munduan murgilduko da 'Ur Handitan', gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.