Ur Handitan
22:00etan
Zahar-etxe baten eguneroko bizitza, gaurko 'Ur Handitan' saioan
EiTB
'Zaharrak berri' izenburupean, zahar-etxe baten mikrokosmosa islatuko du Xabier Madariagak aurkezten duen saioak.
Gaurko 'Ur Handitan' saioak zahar-etxe baten eguneroko bizitza aztertuko du Zaharrak Berri izeneko atal berrian. Nola bizi dira zahar-etxeetan? Zer pentsatzen dute horietan bizi diren egoiliarrek? Nola sentitzen dira beren bizitzaren azken zatian? Nolakoa da nagusiekin lan egitea? Zer sentitzen dute senideek bisitan joaten direnean? Horrelakoak galdetuko dizkie Xabier Madariaga aurkezleak Bizkaiko zahar-etxe ezagun batean mugitzen diren pertsonei.
Bertako langileak (monitoreak, erizain-laguntzaileak, fisioterapeutak...), senideak eta adinekoak pasatuko dira kamera aurretik, euren esperientziak kontatzeko, eta zahar-etxe bateko eguneroko bizitzaren une ezberdinak ikusiko ditugu: adinekoek euren artean izaten dituzten elkarrizketak, bazkariak eta meriendak, aisialdiko jarduerak, bizitzari eta heriotzari buruzko hausnarketak, eta abar. Osagarri horiekin guztiekin, eta umore puntu batekin, zahar-etxeen atmosfera berezia islatuko du une eder ugariz josita dagoen programa honek.
'Ur Handitan' gaur gauean izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.